PUAJen hiru antzerki asteburuan
Gaur, Nimuren 'Pausa' obra Antxoko Ibaiondo plazan, 19:00etan. Bihar, Dejaburen 'Itzulera' Donibaneko Juanba Berasategin, 19:00etan. Etzi, Las Couchersen 'Charlas de azucarillo' Juanba Berasategin, 19:00etan.
Hilaren 17an hasi zen Pasaiako Umorezko Antzerki Jardunaldien (PUAJ) 44. ekitaldia. Aurtengo antzerki zikloak sei emanaldi ditu, eta saioak lau barrutietara iritsi dira. Iragan asteburuan hiru ikuskizun egin ziren, eta gaurtik aurrera, beste hiruz gozatu ahal izango dute pasaitarrek, Antxon eta Donibanen.
Gaur (ostirala) Nimu konpainiak Pausa obra taularatuko du Antxoko Ibaiondo plazan, 19:00etan eta doan. Hitzik gabeko antzerkia da Nimurena. Obrak egoera absurdoak sortzen ditu, inprobisatuak, giro poetiko batean bilduak, biolontxelo jotzaile baten laguntzari esker.
Bihar (larunbata) Dejabu konpainiak Itzulera obra interpretatuko du Donibaneko Juanba Berasategi aretoan, 19:00etan. Sarrerek 10 euroko kostua dute. Sorkuntza krisian dauden antzerki konpainia bateko hiru kidek Mexikora egindako bidaia kontatzen du antzezlanak.
Zikloaren azken emanaldia etzi (igandea) izango da. Las Couchers konpainiak Charlas de azucarillo lana antzeztuko du Juanba Berasategi aretoan, 19:00etan. Sarrerek 10 euro balio dute. Motibazio elkarrizketa formatuan, pertsonaia bitxi, ahul eta dibertigarriek ikusleak zoriontsu egiten saiatuko dira.
Biharko eta etziko saioen sarrerak Bibe plataforman eskuratu behar dira.
