"Udalak Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileen prekarietatea betikotu du"
Hilabeteetako negoziazioen eta elkarrizketen ondoren, udalak hobekuntzarik gabeko plegua aterako duela esan zien zerbitzua ematen duten langileei iraileko osoko bilkuran.
Pasaiako Etxez Etzeko Laguntza Zerbitzuko langileek ia bi hilabete daramate greba mugagabean. Beren aldarrikapenak lau haizetara zabaltzeko eta egoera ezagutarazteko, hiru manifestazio egin dituzte aste honetan, Donibanen eta Antxon. Asteazkenean eta gaur Donibanen izan dira, eta atzo Antxon.
Prekarietatetik ateratzeko promesarekin, Pasaiako Udalarekin hainbat hilabetetan harremanetan izan dira langileak. Hala ere, iraileko osoko bilkuran udalak hurrengo lehiaketaren plegua langileentzako inolako hobekuntzarik gabe argitaratuko duela iragarri zien langileei.
“Onartezina da udalak, zerbitzu honen arduradun gisa, diskriminazio eta prekarietate egoera hau betikotzen duen lizitazio bat argitaratzea. Argiki frogatua dago zaintzaren eremua enpresa pribatuen logika merkantilera eramateak zerbitzuaren kalitatean kalte larriak eragiten dituela, eta, aldi berean, zerbitzua sostengatzen duten langileen lan baldintzak okertzen dituela”, salatu dute langileek.
Langileek adierazi dute udalak oraindik “egoera zuzentzeko” denbora duela, plegua behin betiko bihurtu aurretik. Langileek udal erakundeari exijitu diote “bere erantzukizuna onar dezala eta koherentziaz joka dezala”, pairatzen duten “soldata arrakala eta diskriminazioarekin” bukatzeko beharrezkoak diren erabaki politikoak hartuz. Bestela, udalak berriz ere prekarietatean mantentzera kondenatuko dituela adierazi dute, “egiturazko desberdintasun” egoeran mantenduz. “Erabaki honekin, udalak genero arrakala betikotzen du”.
Bitartean, soldata prekarioa jasotzen jarraituko dutela baietsi dute langileek: “2025ean ez dugu inolako igoera ekonomikorik izango, eta ez dugu gure lan baldintzetan inolako hobekuntzarik lortuko”. Langileen %75ak lanaldi partziala duela jakinarazi dute, eta, ondorioz, beste zentro batzuetako langile publikoek lan beragatik kobratzen dutenaren %50 gutxiago jasotzen dutela salatu dute. “Hori da errealitatea: udalaren erabakiaren ondorio zuzena, genero arrakala are gehiago handituz”, esan dute.
Horrez gain, udalari exijitu diote “beregain har dezala zerbitzuaren eskaintzan duen ardura, eta lan baldintzak duintzeko baliabideak jar ditzala. Etekin ekonomikoen logikatik irten eta zaintza erdigunean jarriko duten erabaki politikoak hartu ditzala, zerbitzuaren kudeaketa publikoaren norabidean aurrera eginez”.
Langileek argi dute: “Ez zaizkigu balio zaintza sektore feminizatuan bizi dugun prekarietatea aipatzen duten eslogan hutsak. Egitateak nahi ditugu, erabaki politikoak behar ditugu egoera hau ezabatzeko”.
Langileek ia bi hilabete daramate greba mugagabean, eta argi utzi dute grebarekin jarraituko dutela aldarrikapenak lortu eta lan eta bizi baldintzak prekarietatetik ateratzea lortu arte.
