Euskaraz barra-barra kanpainarekin bat egitera deitu dituzte saltokiak
'Merkataritzan eta ostalaritzan ere ari gara. Abenduak 3 Euskararen Eguna' lelopean kanpaina abiatuko du udalak.
Euskararen Egunaren Hamabostaldian zehar kanpaina abiatuko du Errenteriako Udalak, herriko establezimenduekin. Merkataritzan eta ostalaritzan ere ari gara. Abenduak 3 Euskararen Eguna lelopean egingo dute kanpaina azaroaren 17tik abenduaren 3ra arte.
Kanpainarekin bat egiten duten saltokietan egindako erosketengatik zozketan parte hartzeko aukera izango dute herritarrek. Saria, 2026. urtean zehar udalak antolatutako euskarazko emanaldi guztietarako doako bi sarrera izango dira. Kanpainan parte hartu ahal izateko Euskaraz barra-barra zigilua izan beharko dute saltokiek, bestalde.
Herritarrek euskaraz hitz egin dezaketen guneak identifikatuko dituen ikurra da Euskaraz barra-barra, “kontsumitzailea erdigunean jarri eta estres linguistikoa gutxitzea da helburua”. helburuetako bat da aurretik aipatutakoa, baina ez kanpainak bilatuko duen bakarra. Izan ere, euskararen erabilera sustatzea merkataritzaren sektorean eraginez, herritarren hizkuntza eskubideak errespetatu eta bermatzea, euskal hiztunen nahasmen eta estres linguistikoa murriztea, eta euskararen biziberritzearen inguruan kontzientziazioa eta konpromisoak sustatzea.
Kanpainarekin bat egiteko hainbat bide zabaldu ditu udalak, Euskaraz barra-barra zigilua duten saltokiek, harremanetan jarri beharko dute udalarekin, posta elektronikoz (klik hemen) edo 943 44 96 13 telefono zenbakira deituz. Oraindik atxiki ez direnek berriz, galdetegia bete dezakete eta Euskararen Eguneko zozketan parte hartzeaz gain, Euskaraz Barra-barra zigilua duten herriko saltoki zerrendara batu. Kanpainara atxikitzeko baldintzak eta informazio guztia eskuratzeko klikatu hemen.
Bat egiteko azken eguna, azaroaren 10a izango da.
