Lezoarren harrera eta aitortza izan dute txapeldunek
Udalak egindako harrera baliatuz, Euskal Herriko Dantza Txapelketaren irabazleei eta han izan ziren dantzariei omenaldia egin diete lezoarrek.
Seguran izan ziren dantzariak, alkatearekin.Lezoko Udala Merezitako harrera izan zuten Lezoko dantzariek larunbatean. Hilaren 18ko Segurako 49. Euskal Herriko Txapelketan hizki larriz entzun zen Lezo izena, batetik Maren Galvez eta Gorka Granadok Lezok ordezkatuz txapela irabazi zutelako, eta bestetik han izan ziren gainontzeko bikote lezoarrek lan bikaina egin zutelako: Ihintza Erauskin eta Mikel Esnaolak txapelketa horretako debutari onenen saria jaso zuten (bosgarren izan ziren sailkapen nagusian), eta Ane Jaunarena-Endika Osa bikotea seigarren izan zen. Udalak antolatu zuen larunbateko aitortza ekitaldia. Lezoarrek bat egin zuten horrekin.
Herritarren pasabidearekin iritsi ziren udaletxera herriko dantzariak. Lezoar horien artean, senideak, lagunak, dantzariak… Behin Lezoko etxearen areto nagusian, Mikel Arruti alkatearen partetik esker eta goreste hitzak jaso zituzten herriko dantzariek. Hiru bikoteek gobernu taldeko kideen eskutik oroigarriak jaso zituzten. Baina garaikur batek izan zen distira berezia: Euskal Herriko Txapelketaren irabazleei ematen zaien Koldobika Jauregiren eskultura, urtebetez udaletxean izango dena.
Behin ekitaldia bukatuta, udaletxearen aurrealdean talde argazkia atera zuten denek.

