San Juanek 'trapuak' bedeinkatu ditu
Sasoian irabazitako dozenaka banderen bedeinkapena egin zuen San Juanek larunbatean. Horren ondoren, ospakizun bazkari jendetsua.
Klubeko kideak, 2025ean lortutako banderekin, plazan. Neguko, udaberriko eta udako ahaleginaren ondoren, ospakizunerako tartea hartu zuen San Juan-Koxtape Arraun Elkarteak larunbatean. Urtean zehar lortutako bandera guztiak bedeinkatu zituzten. Trapu horiek bateletan, trainerilletan eta traineruetan lortutakoak izan dira, dozenaka. Festa egun berezia izaten da ekitaldi hori arraun elkarteak dituzten herrietan, beraz, Donibanen festa giro ederra izan zen larunbatean.
Goizean, klubetik Bonantzako elizara kalejira joan ziren arraunlariak eta herritarrak, banderekin. Han, bedeinkapen ekitaldia izan zen. Jarraian, plazan talde argazkia atera zuten ikur guztiekin, eta poteotxoaren ondoren bazkari arrosa egin zuten Meipiko pilotaleku estalian. Ondo jan eta edan ondoren, dantzarako eta ospakizunerako tartean izan zen. Kirolariek eta herritarrek bat egin zuten festa giroan.
Jada hasi dira behe kategorietako kirolariak entrenamenduekin, ez asko barru jada batelen lehiak hasiko direlako. Larunbatekoa klubaren zati guztien kohesiorako eguna izan zen, zuzendaritzakoena, kirolariena, laguntzaileena eta herriarena. Bandera horien guztien atzean, lan handia dago. Baina bereziki nabarmendu beharrekoa da trapu horietatik zazpi Batelerek lortutakoak izan direla, eta horregatik, EuskoTren Ligara igotzeko aukera izan dutela, baita lortu ere.
