Cimasub-en azken proiekzioa, ostegunean
Hilaren 30ean, Urpeko Zinemaren Nazioarteko Zikloaren barruko azken filma proiektatuko dute Trintxerpeko Alkateordetzan, 19:00etan.
Aldaketaren Marea egitasmoaren barruan, Urpeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa (Cimasub) Pasaian izan da laugarrenez. Aurtengo zikloa berritasunekin lurreratu da Pasaian, eta, orotara, hiru film proiektatuko dituzte. Bi eman dituzte jada, eta azkena ostegunean (hilaren 30ean) izango da, Trintxerpeko Alkateordetzan, 19:00etan. Osteguneko saioak ikusleak munduko itsas paisaia ikusgarrienetako batzuetatik eramango ditu. Aldi berean, kontserbatzeko premia larria dagoela gogoraraziko die. “Ikusleek irudi liluragarriak ikusiko dituzte, eta gainera ozeanoan dugun eraginari buruz hausnartzeko erronkarekin egingo dute topo”, adierazi dute antolatzaileek.
Horrez gain, Trintxerpeko gunean Cimasub-ek ondutako argazki erakusketa bisitatu ahal izango da ostegunera arte. Erakusketa horretan itsas espezieak eta urpeko paisaiak ikuskatu daitezke, eta ikuslea ozeanoetako bazter harrigarrienetara eramango ditu.
