Donibaneko gizonen lehen taldea, Euskadiko Ligako lider
Asteburua bikaina izan da klub sanjuandarrarentzat, jokatutako lau partidetatik hiru irabazi baitituzte. Gizonen lehen taldeak sasoiko laugarren garaipena lortu zuen, eta lidergoan jarri dira.
Donibane Eskubaloiako gizonen talde nagusiak daraman bolada onari jarraipena eman dio. Sanjuandarrek, talde igo berria izan arren, bikain hasi dute sasoia, eta jokatutako lau partidak irabazi dituzte. Igandean Erromoko B taldea garaitu zuten (39-28), eta garaipen horri esker Euskadiko Senior Ligako lidergoan jarri dira. Arrosak nagusi izan ziren partida hasieratik, defentsan egindako lan bikainari esker, eta bi puntuak Donibanen geratu ziren. Partidan, gainera, eskolako haurrak izan ziren, eta atsedenaldian partidatxo labur bat jokatu zuten gazte horiek. Neurketa bukatu ondoren, jokalariengana hurbildu, eta gudu ohiua egin zuten denek batera. Asteburuan Donibanen arituko dira berriz, zaleen aurrean, Gasteizko Corazonistas taldearen kontra.
Gizonen bigarren taldeak, aldiz, 23-30 galdu zuen igandean lidergoan den Hernaniren kontra. Talde horrek ere bikain hasi du denboraldia, jokatutako bost partidetatik lau irabazi baitituzte. Honakoa izan da urteko lehen porrota. Bestalde, emakumeen lehen taldeak garaipen argia lortu zuen igandean Astigarragako Mundarroren kontra (21-35), eta sailkapeneko hirugarren postuan kokatu dira, bina garaipen eta porrotekin. Azkenik, kadeteek garaipen bikaina lortu zuten Pulporen kontra (42-21).
Donibane Eskubaloiak egin bezala, Pasaiako kirol elkarteek aukera dute HITZAra beren taldearen inguruko informazioa bidaltzeko, pasaia@hitza.eus helbidera.
