Kalabazak, argitxoak, mozorro bitxiak, antzerkia... eta Herio
Gau Beltzerako prest dira Lezon. Hilaren 31eko ilunabarra girotzeko aurrelanak egiten ari dira herrian. Herioren zain dira.
“Aspalditik, Lezo izeneko herri txiki batean, gau berezi bat ospatzen da urtero: Gau Beltza”. Hala hasten da Herioren kondaira, Gau Beltzean, ilargia handia eta zilar kolorekoa den horretan, agertzen den pertsonaiaren kondaira alegia. “Heriok emakume eder baten itxura zuen: begi argitsuak eta irribarre goxoa. Bere lana oso garrantzitsua zen: urtean zehar galdutako arima guztiei hildakoen mundura bidea erakustea”.
Herio ostiral ilunabarrean Lezon izatekoa da. Ez da jakina noiz eta non agertuko den; azalduko ote den zalantzan da gaur-gaurkoz. Ziur egingo dena Gau Beltza da, urriaren 31ko gauerako propio herrian sortutako taldeari esker. Egunerako izu eta lanbro giroko desfilea antolatu dute, baina aurretik ere badira egitekoak (beheko koadro urdinean dago hilaren 31ko arratseko egitaraua).
Izan ere, Gau Beltzaren hainbat berotze saio izan, edo izango dira herrian. Adibidez, joan den ostiralean (hilaren 24an) eta Kuadrillategiko gaztetxoen ekimenez, Joxemari Carrereren ipuin kontaketa saioan izan ziren herriko nerabe eta gazteak Txerrimuñon. Beldurrezko istorioen kontaketa izan zen.
Hurrengo berotze, edo prestatze saioa hilaren 30ekoa (osteguna) izango da: 17:00etan, Gurutze Santuaren plazan, Gau Beltzerako eskulan tailerra egingo dute herria atontzeko apaingarriak egite aldera. Etxetik guraizeak eramateko eskatu dute.
“Horregatik esan ohi da Lezon: Gau Beltzean gure senide eta lagun kuttunen arimak ez daude bakarrik, Heriok zaintzen dituelako”.

Lezoko Gau Beltza. Hilaren 31ko egitaraua.
- 19:00. Goiko Plazatik hasiko da Gau Beltzeko kalejira, herritik zehar ibiliko da.
- Ondoren. Gurutze Santuaren plazan, Sutargi Abesbatzaren saioa, Murixka Dantza Taldearen emanaldia, eta beldurrak erretzeko sua piztuko da. Ondoren gaztain erreak banatuko dira.
- 20:30ean eta 21:00etan. Atzekoaten, Orratx! Antzerki Taldearen saio bikoitza.
