Euskal eskultura bizirik dagoela erakutsi du Oiartzunek
Euskal Eskultura Bizirik egitasmoa ondu du Pagoarte Arte eta Kultur Elkarteak, eta azaroaren 2an egingo dute itxiera ekitaldia. Mikel Mendizabalek egin du orain artekoaren balorazioa.
Lorategian dagoen eskulturetako baten irudi bat. Arkaitz Barriola Euskal Eskultura Bizirik egitasmoa ondu du Pagoarte Arte eta Kultur Elkarteak. Oraindik badago erakusketak ikusteko aukerarik, baina ez gehiegi, azaroaren 2an izango baita itxiera ekitaldia. Mikel Mendizabal Pagoarteko kideetako bat da, eta egitasmoaren hirugarren astean sartu diren honetan proiektuaren balorazioa egin du.
Kontatu duenez, “gauza nahiko berria izan da Oiartzunen” eskulturen erakusketena, baina pozik agertu da antolakuntzakoa, eskultura “oso ezezaguna” bada ere antolatu duten moduagatik eta jendearengana zein gazteengana gerturatu direnez “arrakasta” izan duela sinistuta baitago.
Bi erakusketa leku daude; bata Arizmendieneako lorategian eta bestea San Juan kaperan. Lehenengoan zortzi eskultura handi daude ikusgai, eta kaperan, berriz, beste zortzi daude, baina horiek Oiartzungo edota Oiartzunen bizi diren eskultoreenak dira. Alabaina, badago Antton Mendizabalena den beste eskultura bat. “Handi xamarra da, eta ukituz gero soinua egiten du. Espektakulu bat da”, gehitu du Pagoartekoak.
Erakusketen eta bisita gidatuez gain, Mendizabalek nabarmendu du eskulturen egileak ere bertan izan direla, eta “gauza positibo asko” egon direla. Bestalde, 13 eta 14 urteko gazteek ere hartu dute parte programan, horietako bakoitzak bere eskultura egin baitu zaborretatik hartutako tetrabrikak bezalako elementuekin. Lorategian txertatu dituzte horiek; “oso lan politak egin dituzte”, gehitu du. Gazteak, alabaina, ez dituzte modu horretan izan soilik, eskoletatik ere egin baitituzte bisita gidatuak.
Zehaztu duenez, “jende asko” bertaratu da erakusketak ikustera; are, kaperan 300 eta 400 pertsonatik gora zenbatu dituzte. Lorategiaren zifra ez dakite ziur, baina “are eta jende gehiago” igaro dela bertatik diote. Hala ere, oraindik erakusketak ikusi ez dituen inor balego, badu aukerarik horretarako, azaroaren 2ra arte egongo baitira ikusgai. Gainera, itxiera “berezi bat” izango du Euskal Eskultura Bizirik egitasmoak.
Azkenik, antolakuntzakoak azpimarratu nahi izan du pasa den igandeko ekitaldia. “Prozesu honetako gauzarik kuriosoena” modura izendatu du, eta azaldu du hori Lorentxo Garmendiaren performancea izan zela. Itsasoak ekarritako enbor zatiekin egin zuen ekitaldia, eta hori ere ikusgai dago jendearentzat.
HITZAk zenbait irudi jaso ditu; Lorentxo Garmendiaren performancekoak dira batzuk, eta horiek Arkaitz Barriolarenak dira. Besteak, haatik, San Juan kaperako irudiak dira.


