Gau Beltzerako prestatzen ari dira oiartzuarrak
Hilaren 31ko 19:30ean elkartuko dira herritarrak Doneztebe plazan, eta afari merienda egin ondotik ekingo diote ibilbideari.
Sona handiko eta magiaz beteriko gaua heltzear da: Gau Beltza. Herritarrak elkartu, elkarrekin afari merienda egin, eta ibilbide magiko bezain beldurgarria egiteko jantziak prestatzen hasiak dira dagoeneko.
Ohi modura, hilaren 31n (ostirala) ospatuko dute Gau Beltza, eta Abaraxka, Oiartzungo Antzerkizaleak eta udalak egin dute aurtengo Oiartzungo deialdia.
19:30ean Doneztebe plazan elkartzeko deia luzatu dute elkarte horietako kideek, eta afari merienda egingo dute lehenbizi herritarrek. Gero, alabaina, ibilbidea egingo dute, eta sua, izuak, dantzak, koplak, oihuak eta sustoak bezalakoak izango dira nagusi.
