Egur ustiapenak kentzen eta pagadi zein hariztiak leheneratzen ari dira
Errenteriako Udala ari da lan hori egiten Añarben, eta klima eta biodibertsitate krisiak direla eta lanek "hurrengo hamarkadetan" ere jarraituko dute.
Añarbe mendia udal jabetzakoa da “aspalditik”, eta Aiako Harriko Parke Naturalaren Kontserbazio Bereziko eremuan dago, Natura 2000 sareak babestutako baso eremuan, alegia, eta Errenteriako Udalak jakinarazi duenez, “duela gutxi” amaitu dituzte izei gorriaren bi hektareatako masa mozteko lanak Urdaburu mendiaren ekialdean. Espezie hori 60. hamarkadan landatu zuten egurra ekoitzi eta ustiatzeko helburuarekin, eta lanak amaituta ingurumena lehengoratzeko pagadi baten birpopulazioa aurreikusten dute mendia estaltzen duen baso masa osatu. Are, udalak gaineratu du eremu hori “bereziki babestuta” dagoela Añarbeko Eboluzio Naturaleko Eremuan indarrean dagoen zonakatzearen bidez.
Era berean, kontatu dute Urdaburuko pagadia arriskuan egon zela 90eko hamarkadan pago egurra saltzeko 80 hektarea moztu eta aprobetxatzeko egindako foru proposamenarekin, bost kilometroko baso pista eraikiz. Horren aurrean, udalaren erantzunak “udalaren oposizio irmoa” eta Añarbeko Baso Erreserba sortzeko proposamena izan zirela diote.
Ildo horretatik, jakinarazi dute gaur egun Añarbeko pagadiek eta hariztiek “babes araubide gorena” dutela Aiako Harriko Kontserbazio Bereziko Eremuaren barruan. Hots, zehaztu dute baso bioaniztasuna, ikerketa zientifikora eta erabilera publiko ez intentsibora bideratutako jarduerak baino ez dituztela baimentzen. “Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak zehaztu du eremu honetako esku hartzeen helburu bakarra aniztasun biologikoa kontserbatzea izango dela”.
Babestutako eremu hori 1995ean sortu zela diote, eta azaldu dute ordutik erakunde publikoak “pixkanaka leheneratzen” joan direla degradazio egoeran zeuden ekosistema mota batzuk. Azkenik, nabarmendu dute “klima eta biodibertsitate krisiak direla eta lan horrek hurrengo hamarkadetan ere” jarraituko duela.
