Ofizialtasun osoa du Oiartzungo Antton Ezponda lagunarteak
Antton Ezponda peña ofiziala da atzotik; ekitaldia egin zuten atzo Oiartzunen. Dagoeneko 60 bazkide dira, baina gehiago izatea aurreikusten dute.
Atzo eman zioten ofizialtasun osoa Oiartzungo Antton Ezponda lagunarteari ekitaldi jendetsu bezain musikatu batekin. Oiartzungo lehen athleticzaleen taldea 1997an sortu zen, Jose Leon Getaria lehendakari zela, eta Txuri gorri zuen izena. Hortaz, horren atzetik etorri den lagunartea da Antton Ezponda, atzotik ofiziala dena klubean.
Mikel Mitxelena taldeko kideak eman ditu xehetasunak, eta kontatu du Ezponda ezker eskuin aritzen zela lanean Getariarekin; “bere izena jarri diogu ja ez dagoelako gure artean”. Klubarentzat, hartara, peña atzoko egunarekin da sortua, baina Mitxelenak azaldu du herrian duela 40 urte ingurutik bazirela talde zuri gorriaren zaletuak nahiz eta ez zeuden lagunarte bezala osatuta.
60 pertsonak eman dute bazkide modura izena Antton Ezpondan, baina bere garaian 90 bazkide izan zirela ere kontatu du oiartzuarrak. Oraindik, alabaina, handitzeko prozesuan daude, eta atzoko ekitaldiaren ondotik eurengana jende gehiago bertaratzea espero dute. Ildo horretatik, baina, zehaztu dute talde horretako kide izateko ez dela derrigorrezkoa oiartzuarra izatea, Oarsoaldea hartzen baitute eremu modura.
Andoni Goikoetxea jokalari ohia, peñako federazioko lehendakaria eta Urko Izeta eta Alex Padilla jokalariak izan ziren atzoko ekitaldian, eta Mitxelenaren hitzetan “giro onean” egin zioten omenaldia Getariari. Zenbait oroigarri jaso zituzten arratsean, tartean, Athletic Klubarena berarena, baina baita zenbait herritako peñetako kideenak ere. 150-200 bizilagun inguru elkartu ziren herriko plazan, eta Araitz Sagarna eta Anjel Mari Peñagarikano aritu ziren bertsotan. Noski, taldearen himnoa abesteko tartea ere izan zuten.
Berriki lortu duten ofizialtasun horrekin partidetara joateko gonbidapenak izango dituzte, eta pozik agertu da horren aurrean Mitxelena. Haatik, aurrera begira herrian elkartzeko leku bat izatea gustatuko litzaieke “lagunartean partidak elkarrekin ikusteko eta afizioa elkarbanatzeko. Uste dut mereziko duela; jende serioa gara”, amaitu du.
Inork Antton Ezpondako kide egin nahi badu, gaur egun bazkide den norbaiti idatzi baino ez dio egin behar.
Antton Ezpondako kideek zenbait irudi helarazi dizkiete HITZAri. Hona hemen material horrekin osatutako bideoa eta zenbait irudi:
