Errenteriako Udalak agintaldi erdiko balantzea aurkeztu du
Agerraldian azaldu dutenez, konpromisoen %55 bete dituzte, eta bukaeran %85eko betetze maila lortzea aurreikusten dute.
Atzo egin zuen Errenteriako Udal Gobernuak 2023-2027 agintaldiaren lehen bi urteen balantzea; Aizpea Otaegi alkatea eta Bernar Lemos zein Maite Gartzia alkateordeak ere izan ziren agerraldian.
Otaegik hitzorduan azaldu zuenez, Agintaldi Planaren %55 garatu dute oraingoz, eta %85eko betetze maila lortzea aurreikusten dute. “Errenteria eredu duinago, kohesionatuago eta bizigarriago batentzat do, udalak, eragileek eta herritarrek modu partekatuan eraikia”, jarraitu zuen.
Agintaldi Planak 70 proiektu estrategiko biltzen ditu, eta diotenez, horietatik 19 osatzeaz gain 40 gaur egun gauzatzen ari dira, “kudeaketa bizi, dinamiko eta etengabe eguneratzen ari denaren isla”.
Horretaz gain, azpimarratu dute Tokiko Gobernuaren lehentasunez eremuetako bat etxebizitza izan dela; ildo horretatik, gogorarazi zuten Errenteria izan dela gune tentsionatu izendatu den lehen euskal udalerria, eta horri esker alokairuen prezioei mugak ezarri ahal izan zaizkiola.
Alabaina, oroitarazi zuten udalak lau milioi euro baino gehiago bideratu dituela etxebizitza politiketara, hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzeko, turismo lizentzia berriak bertan behera uzteko eta egungo etxebizitza parkea berroneratzea sustatzeko neurriak bultzatuz. “Era berean, Esnabideko eta Altzateko bi udal partzela eskaini dizkio Eusko Jaurlaritzari alokairuko 70 etxebizitza publiko baino gehiago eraikitzeko”.
Horretaz guztiaz gaina, gogorarazi zuten udalak zaintza politikak indartu dituela nahi ez den bakardadearen aurkako estrategia zabalduz eta Etxez Etxeko Laguntza zerbitzuaren aurrekontua %56 handituz “azpikontratatutako langileen baldintza ekonomikoak udal langileenekin parekatzeko”. Are, gazteen osasun mentala prebenitzeko programa pilotu bat garatu dutela ere izan zuten hizpide atzokoan, bai eta erasorik gabeko jaiak sustatzeko programa ere.
Euskararen erabilera indartzeko neurriak ere izan zituzten mintzagai atzokoan, eta, bide horretan, azaldu zuten euskaltegiko A1 eta A2 mailen doakotasun aurreratua ezarri dutela.
Alabaina, hezkuntzari dagokionean, diote Herri Arte Eskolaren bitartez eskolaz kanpoko jardueren zerbitzu berri bat sortu dute jantokiko ordutegirako, eta berriki aurkeztu duten Ahotsaren eta Musikaren Etxea ere izan zuten hizpide.
Bestalde, hiri esku hartze “garrantzitsuenen” artean honakoak nabarmendu dituzte: Beraun kalearen eraldaketa integrala, ia 5,5 milioi euroko inbertsoa izan duena eta espazio publikoaren 1.800 metro koadro berreskuratzea suposatu duena; Gabierrota pasealekua berritzea eta Gaztaño auzoa eta Erdialdea lotzen dituen igogailu berria eraikitzea.
Kirolari dagokionean, haatik, azaldu dute Hibaikaren ontzientzako hangar berria eraiki dutela.
Agintaldiko bi urte hauetan “berrikuntza, enplegua eta tokiko garapena” uztartzen dituzten hiru ekipamendu “estrategiko” jarri dituzte martxan: Agustinak Zentroa, Oarsolan eta Torrekua. Bide horretan, kontatu zuten Ekiherri energia berriztagarrien kooperatibaren sorrera lagundu duela udalak.
Erronkak
Atzoko hitzorduan azaldu zutenez, agintaldiaren bigaren erdian Udal Gobernuak proiektu estrategikoei ekingo die Galtzaraborda auzoa biziberritzeko estrategiari hasiera emanez. Horren baitan aurreikusten dute haurreskola berri bat eraikitzea, Parke eta Mandoegi kaleak berritzea eta herritarrekin batera Urdaburu parkearen eraldaketa diseinatzea.
Era berean, Barandiaran parkearen eraikuntza ere osatuko dutela aurreratu zuten; bai eta Ahotsaren eta Musikaren Etxea eraikitzeko obrei ekintzei egingo dietela, Iztieta-Ondartxoko hiltegi zaharra berrituko dutela eta zerbitzu berriak jarriko dituztela martxan, udalerrira iritsi berri diren pertsonentzako harrera bulegoa eta LGTBI+ behatokia, kasu.
Honela amaitu zuen agerraldia Otaegik: “Bidearen erdian gaude, eta hasi genuen ilusio eta ardura berarekin jarraitzen dugu lanean. Datozen bi urteak erabakigarriak izango dira hasitako proiektuak burutzeko eta etorkizuneko Errenteriari ate berriak irekitzeko: guztiok hobeto bizi ala izango garen herri partekatu bat”.
