Oiartzungo Udalak 1,4 milioi euroko diru laguntza lortu du Europatik
Zehazki, 1.408.492 euroko diru laguntza lortu du Oiartzunek Europako Garapen Eskualdeko Funtsetatik. Sei inbertsio egingo dituzte.
Oiartzungo Udalak berriki jakinarazi duenez, Europako Garapen Eskualdeko Funtsetatik (EGEF) 1.408.492 euroko diru laguntza lortu du herriak.
Joana Mendiburu Oiartzungo alkateak azaldu duenez, Oarsoaldeko lau herriek Giza eskala mugimenduan plana aurkeztu zuten deialdi horretara, eta 14.000.000 euroko inbertsioa izango duten proiektuak prestatu zituzten. Gainera, EGEFek plana osotasunean onartu du, eta aurrekontuaren %40 finantzatzeko laguntza jasoko dute eskualdeko lau udalek. “Hilabete luzez egin dugun lan onaren emaitza da aldeko ebazpen hau. Udalean lan handia egin dugu herri kohesiorako eta trantsizio energetikoa sustatzeko proiektuak prestatzeko”, dio Mendiburuk.
Oiartzunek, guztira, lau milioi euroko aurrekontua duten egitasmoak aurkeztu ditu, eta horiek gauzatzeko 1.408.500 euroko diru laguntza zuzena jasoko du aipatutako Europako funts horietatik; alegia, aurkeztutako guztiaren %4o inguru. Gainontzekoa Oiartzungo Udalak berak finantzatuko du.
Azaldu dutenez, sei inbertsio nagusi egingo dituzte:
- Bidegorria hobetu eta lotura berriak egin. 1.254.000 euro.
- Altzibarko gune estalia eraiki: 1.605.000 euro.
- Hurbileko merkataritza sustatu: 187.000 euro.
- Altzibarren Arditurri Bide Berdeko interpretazio zentroa: 214.000 euro.
- Arditurriko meategiko irteera egokitu: 63.000 euro.
- Bazterkeria arriskuan dauden pertsonentzat eguneko zentroa (Lezo eta Pasaiarekin batera): 594.442 euro.
Bestalde, alkateak azaldu du proiektu gehienak 2026an gauzatuko dituztela eta Europatik lortutako ekarpenak “eragin nabarmena” izango duela 2026ko udal aurrekontuan: “Oiartzungo Udalak etengabe egiten du lan herria hobetzeko proiektuak gauzatzeko baliabideak lortzeko, udal aurrekontutik harago doazen finantzaketa iturriak baliatuz. Hartu dugun iniziatibari esker eta eskualde mailan egindako lanari esker gure inbertsioak bikoizteko aukera izango dugu”.
