Txararen etorkizuna izango du mintzagai Aitziber Sarobek
Oiartzungo Ingurumen Taldeak antolatu du hitzordua azaroaren 5ean, 19:00etan. Herriko gune horren hausnarketa egin nahi dute hitzaldian.
Oiartzungo Ingurumen taldeak aurtengo ekintzetarako Txara basoa hartu du ardatz, herriaren erdigunean dagoen gune berdea, hain zuzen, eta urte osoan zehar hura behatzean ibili dira herritarrekin batera. Ondorioz, zenbait jardunaldi egin dituzte naturako izaki ezberdinak gertutik behatuz.
Orain, alabaina, euren asmoa haratago doa, eta Aitziber Sarobe biologoaren laguntzarekin herriko arnasgune preziatuaren “hausnarketa sakona” egingo dute, eta bide horretan bertako etorkizunaren gogoeta egingo dute oiartzuarrekin batera. Sarobe biologian dotorea eta Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko irakaslea da.
Gauzak horrela, ingurumen taldeak herritarrei dei egin die azaroaren 5ean 19:00etan Haurtzaro Ikastolako jangelako goiko solairuan emango duten hitzaldira bertaratzeko.
