'Hastapenak' eta 'Idazketa kolektiboa antzerkian' ikastaroak, Ehuntzen
Oier Guillanek gidatuko ditu saioak, eta Ehuntze sormen espazioan izango dira. Bi kasuetan izena eman behar da.
Martxan da, beste behin, Ehuntze sormen espazioan egiten den Gezi Beltzak proiektua, eta, oraingoa, bi “idazketa kreatibo” ikastaro egingo dituzte. ‘Hastapenak’ eta ‘Idazketa kolektiboa antzerkian’ dira, hurrenez hurren, tailer horiek
Lehen tailerra azaroan hasiko da, eta bigarrena, haatik, urtarriletik martxora izango da. Oier Guillan izango da horien gidaria, baina aurreratu dute noizean behin idazle ezagunak ere gonbidatuko dituztela.
Hastapenak ikasturte osoko tailerra da, bi astean behin egingo dute (ostegunetan), eta lehen saioa hilaren 13an egingo dute. Saio horietan idazketa ariketa eta jolasak egiteaz gain, idazketa beste diziplina artistiko batzuekin gurutzatuko dute. Era berean, jakinarazi dute irakurketak partekatzea eta idazketarekin esperimentatzeko konfiantzazko giroa sortzea ere badirela saio horien helburuak.
Ikastaroaren prezioa 35 euro da hilean, eta izena emateko aukera egongo da hilaren 10era arte. Saioak 18:00etatik 20:00etara izango dira.
Idazketa kolektiboa antzerkia tailerraren kasuan, berriz, antzerkian sorkuntza kolektiborako tresnak partekatuko dituzte. Aipatu moduan, hiru hilabeteko iraupena izango du tailerrak, eta dagoeneko zerrendatu dute nola banatuko duten ikastaroa:
- Urtarrilak 10: Ideia kolektiboki lantzea.
- Urtarrilak 24: Idazketa kolektiboa eta dramaturgia.
- Otsailak 7: Idazketatik eszenetara.
- Otsailak 21: Eszenatik obrara.
- Martxoak 7: Eszenaratzea: Idazketa gorpuztea I.
- Martxoak 28: Eszenaratzea: Idazketa gorpuztea II.
Ikastaro horrek 60 euroko prezioa du, eta 09:30etik 13:30era izango dira. Alabaina, martxoaren 7ko saioa egun osokoa izango da. Abenduaren 15era arte dago ikastaro horretan izena emateko aukera, eta horretarako mezu elektroniko bat idatzi edota 679 97 72 76 zenbakira deitu behar da.
