Inguruak baduelako zeresana intimitatean
Hitzen Lihoaren zortzigarren edizioa egingo dute aurten, hilaren 10etik 16ra, eta intimitatea izango dute mintzagai. Zehazki, hari dimentsio kolektibo, kultural eta politikoa eman nahi diote.
Mariluz Esteban iazko manifestua irakurtzenMendi Urruzuno Hitzen Lihoaren zortzigarren edizioa egingo dute Oiartzunen datozen egunetan, hilaren 10etik 16ra, alegia. Hitzen Lihoa kultur elkartea osatzen dutenek euren interesekoak diren gaiak mahai gaineratzen dituzte, eta, gainera, gogoetatzeko tartea ematen duten eta momentuko auziekin ere nolabaiteko konexioa duten hitzak edota gaiak bilatzen saiatzen dira. Bada, aurtengo Hitzen Lihoa ardazteko terminoa aukeratu dute dagoeneko, eta honakoa da: intimitatea.
Ainara Lasa Perez kultur elkarteko kideak azaldu du intimitatea pertsona baten pentsamenduen, sentimenduen eta sinesmenen multzoa dela esaten dela definizioz, eta barnean hartzen dituela harreman eta bizipen afektibo hurbilekoenak. Ildo horretatik, kultur elkartekoek azaldu dute intimitatea ez dela norberarengan hasi ezta bukatu ere egiten; “Elkarrizketan ari da inguruarekin, eta, horregatik, badu dimentsio kolektibo bat ere”, gaineratu du Lasak.
Bide horretan, Lasak azaldu du egunerokoan jendeak zeharkatzen dituen kaleek eta inguratzen dituen etxeen nolakotasunak harreman batzuk edo beste batzuk sortzen dituela. “Gure harreman sareak intimitate mota batzuk posible egiten ditu eta beste batzuk kamustu. Intimitatea eremu pertsonal soilera mugatuz politikoki hausten da, eta ikusezin geratu esparru askotan; hizkuntzaren erabilera etxeko esparru intimora mugatzeak hizkuntzaren zabalpenean eta prestigioan eragiten du. Intimitatea ere politikoa da, pertsonala politikoa delako”.
Horren adibide da, esaterako, hilaren 14an (ostirala da) egingo duten Analisi intimo bat mahai-ingurua. Ula Iruretagoiena arkitektoak, Miren Guillo antropologoak eta Maider Galardi kazetari eta ikerlariak osatuko dute mahaia, eta intimitateari begiratuko diote hitzordu horretan zenbait esparrutatik. Esterako, antropologiaren ikuspegitik aztertuko dute gizarte egiturek eta harremantzeko modu estandarrak kontsideratzen diren horiek zein intimitate mota sortzen dituzten eta zein kamusten dituzten. “Ideia da intimitatea ausaz gertatzen den zerbait ez dela ikusaraztea. Intimitate batzuk sortu egiten dira, ez dira berezkoak, eta faktore ezberdinek eragiten dute horretan”, laburtu du Lasak.
Hamaika jarduera eta hitzordu antolatu dituzte, eta batzuetan izena eman behar da [ikus behean egitarau eta xehetasunak].
Lanaren oinarria, elkarlana
Aurtengo Hitzen Lihoak aurreko urteetakoek izan duten hezurdura bera du. Antolakuntzakoak esan duenez, Oiartzungo sortzaileei zein kanpokoei saiatzen dira tokia ematen, “Hitzen Lihoa ere badelako herriko sortzaileei ikusgarritasuna emateko, baina baita Euskal Herri mailan kultur plaza berri bat eskaintzeko ere”.
Hilaren 10ean Intimitate plastikoa pintura erakusketarekin hasiko da egitaraua, baina Hitzen Lihoaren inaugurazioa bi egun geroago (asteazkenean) izango da. Erakusketa hori Oiartzungo Helduen Tailerretako pintura taldekoek eta Idoia Beratarbideren Ehuntze Sormen Espazioko helduen taldeak sortu dute, propio. Horrela, dagoeneko herrian martxan diren bi gune edota jarduerari emango diete ikusgarritasuna, Hitzen Lihoaren funtsezko balioetako bat delako elkarlana.
Intimitateari dimentsio kolektibo, kultural eta politikoa eskaini nahi dio 2025eko VIII. Hitzen Lihoak, eta zenbait diziplinaren bidez intimitatearen eraikuntzan inguruak zein paper betetzen duen gogoetatzeko eta esperimentatzeko plaza eskainiko du.
Hitzen Lihoa 2025. Egitaraua
- Hilak 10, astelehena
- 19:00. Intimitate plastikoa pintura erakusketaren inaugurazioa, Landetxeko sarrerak.
- Intimitatea gai hartuta, margolanak sortu dituzte Helduen Tailerretako Margolaritza taldekoek eta Idoia Beratarbideren 100tzeko helduen sormen taldeal. Intimimtatea begiratzeko askotariko emaitzak ikusteko aukera izango da hilaren 23ra bitartean.
- 19:00. Intimitate plastikoa pintura erakusketaren inaugurazioa, Landetxeko sarrerak.
- Hilak 12, asteazkena
- 19:00, Landetxe kultur aretoa. Miren Amurizaren manifestua eta Leire Vargasen Bizi sintetikoak poesia musikatu emanaldia.
- Leire Vargas poetak eta Jaime Nieto musikariak elkarrizketan jarriko dituzte poesia eta musika elektronikoa. Sarrerak, hemen.
- 19:00, Landetxe kultur aretoa. Miren Amurizaren manifestua eta Leire Vargasen Bizi sintetikoak poesia musikatu emanaldia.
- Hilak 13, osteguna
- 17:00-18:30, Abaraxka ludoteka. Haur filosofia saioa: Non ezkutatu da nire intimitatea?
- Maitane Nerekan filosofoak gidatuko du saioa, eta Lehen Hezkuntzako 4,5 eta 6. mailetako ikasleentzat da.
- 19:00, Kastro Berri tabernan. Pote filosofikoa: Intimitatea pribatua al da beti?
- 17:00-18:30, Abaraxka ludoteka. Haur filosofia saioa: Non ezkutatu da nire intimitatea?
- Hilak 14, ostirala
- 19:00, Landetxe Kultur Aretoan. Mahai ingurua: Analisi intimo bat.
- Ula Iruretagoiena arkitektoak, Miren Guilló antropologoak eta Maider Galardi kazetari eta ikerlariak osatuko dute mahaia. Gonbidapenak, hemen.
- 19:00, Landetxe Kultur Aretoan. Mahai ingurua: Analisi intimo bat.
- Hilak 15, larunbata
- 11:00, Arizmendienean. Barne paisaiak lantegia helduentzat.
- Dejabu konpainiaren eskutik tailer horrek intimitatea arakatuko du, norbere begiradatik abiatuta besteekin topo egiteko aukera gisa. Izena eman behar da hilaren 13a baino lehen helbide honetara mezu elektroniko bat idatzita.
- 22:00, Landetxe Kultur Aretoan. Izaki Gardenak taldearen kontzertua. Sarrerak hemen 12 euroren truke edota egunean bertan, leihatilan, 15 euroren truke.
- 11:00, Arizmendienean. Barne paisaiak lantegia helduentzat.
- Hilak 16, igandea
- 10:00-13:30, Kontzejupean. II. Liburu azoka ttikia.
- Oiartzungo idazleen eta Oier Guillanen beraren lanak eskuratzeko aukera.
- 10:30etik aurrera, Kontzejupean, Aztitza liburuaren irakurketa jarraitua.
- Herritarren artean irakurriko dute liburua.
- 14:00, Girizia elkartean. Bertso bazkari literarioa.
- Guillanen liburuan oinarrituta, idazlea izango da gai jartzailea. Bertsotan, aldiz, Maider Arregi, Unai Iturriaga eta Alaia Martin ariko dira. Sarreren erreserba helbide honetara mezu elektroniko bat bidalita egin behar da. Sarrera orokorra 20 euro, langabetuena 15 euro eta bertso saioa soilik 5 euro.
- 10:00-13:30, Kontzejupean. II. Liburu azoka ttikia.
