Oiartzun inguruko mendietan Repsolek eraiki nahi duen makro proiektua salatu dute
Bianditz-Domiko Bizirik egitasmoak egin du agerraldia, eta herritarrak deitu ditu mendiak defendatzeko antolatuko diren ekintza eta mobilizazioetara.
Bianditz-Domiko Bizirik herri iniziatiba irekia da, eta taldearen asmoa inguruko mendietan egin nahi dituzten makro proiektu eolikoen auzia aztertu eta “zentzugabekeria hau” geldiaraztea da. Era berean, Euskal Herri osoan abian dauden zenbait proiekturen aurrean sortutako beste talde eragileekin ere egiten dute bat “gure auzian behar dugun babesa eta laguntza eskuratu, eta aldi berean beste lekuetako borrokekin bat eginez”.
Gaurkoan Oiartzungo Doneztebe plazan egin dute agerraldia Domiko proiektua salatzeko. Inguruko mendi tontor eta muinoetan 200 metroko altuerako aerosorgailuak eraikitzeaz gain, Oarsoaldea eta inguruko herrietan 30 kilometro baino gehiagoko goi tentsio linea elektriko zein pista berriak eraiki nahi dituzte, eta berau salatzeko elkartu dira.
Respolek sustatutako egitasmoa da, eta 79,2 MW-ko proiektua Lesaka, Goizueta eta Oiartzunen dago kokatuta. Horrek bederatzi aerosorgailu handi instalatzea ekar lezake, bakoitza 6,6 MW eta 200 metroko altuetarakoa. Hortaz, jarduera horrek, Lesakan zein Goizuetan izango luke eragina. Alabaina, goi tentsioko linea Oiartzundik Arkaleraino joango litzateke, eta agerraldian baieztatu dute horretarako konexio baimena dagoeneko indarrean dagoela.
Beste proiektua, berriz, Erreka da, eta horrek, 99 MWko potentziarekin, 6,6 MWko 15 aerosorgailu planteatzen ditu Mandoegi mendilerroetan eta Gipuzkoako beste zenbait herritan. Era berean, Arkaleko azpiestazioarekin lotzen duen goi tentsioko lineak 21 kilometroko luzera eta 68 euskarri dorre izango lituzke, hala nola, Errenteria – Oreretan eta Oiartzunen. Bide horretan, azpimarratu dute instalazio horien tamaina dela eta espainiar estatuko administrazioari dagokiola horiek izapidetu eta baimentzea.
Ildo horretatik, jakinarazi dute enpresa horiek gisa horretako makro proiektuak ezartzen jarraitu nahi dutela Euskal Herri osoan. “Izan ere, herri inguruetan CO2a xurgatzeko hain beharrezkoak ditugun ingurune naturaletan atzera ezinezko txikizioak eragin eta lur eremu publikoak erabiliz, multinazionalen kapital pribatua aberasten jarraitu nahi dute”.
Herri iniziatibakoek argi dute: “Energia kontsumo hain altua dugun gizarte eredu honetan, benetan behar duguna, lurraldea eta bertako aberastasun natural, kultural eta soziala errespetatuko dituen, eta behar energetikoei erantzungo dien aldaketa ekonomiko eta soziala da. Hori ekiditeko, aurrez antropizatutako eremuak berrerabili daitezkeela uste dugu energia berriztagarriak sortzeko gailuak jartzeko”.
Horretaz gain, gaurkoan azaldu dute makroproiektu horiek presentzia eta eraginaz gain, obrek, lurraren berdintzea eta aerosorgailu eta dorre elektrikoetarako hormigoizko plataforma zabalak eraikitzea ekartzen dutela, baina baita palak garraiatzeko egokiak diren sarbideak eraikitzea edota indusketa lanak ere.
Horren aurrean, irmoki azaldu dute ingurumenean duten eragina bateraezina dela proiektu horien garapenarekin, eta zenbait argudio eman dituzte. Lehenik, aipatu dute egitasmo horiek continuum ekologiko baten, Aiako Harriko parke naturalean, Larun, Endara, Leitzaran, Artikutza eta Urumeako bailarako mendien industrializazioa dakartela, natura eta giza ingurumenean kalte larriak eraginez. Diotenez, horrek eragina du inguruko jarduerarekiko sentikorra den faunaren presentziak, lehen mailako hegazti migratzaileen pasabidean, kolonien eta ehunka sai habiagileren presentziak eta saguzar espezie mehatxatuen aniztasunean “eragin zuzena” izango luke.
Bestalde, aipatu dute herritarren bizi kalitatean eta osasunean “kalte nabarmenak” eragingo lituzkeela. Era berean, esan dute Oiartzun, bere hornidurarako lineez gain, nazioarteko trafikoko goi tentsioko lineek edota Arkaleko azpiestaziora doazenek zein handi irteten direnek zeharkatzen dutela. Zehaztu dute goi tentsioko aireko linea horiek 34 kilometro baino gehiago dituztela. “Beste bi linea berri ezartzea ez da onargarria”, jarraitu dute.

Gainera, aipatu dute basa lurren birkalifikatzea ekarriko lukeela “abeltzaintza, nekazaritza eta aisialdiko jardunetan kalte larriak eraginez”. Hori baina, ez da dena, kontatu dutenez aerosorgailuetara heltzeko bideak zabaltzeak eta egokitzeak “bolumen handiko lur mugimenduak” baitakartza. Eta, noski, azpimarratu dute ondare historiko, arkeologiko eta kulturalean eragin nabaria izango duela.
“Lurrari loturiko jendea garen heinean, lurraren gaineko erabakien eta energiaren gaineko kontrol herritarra bermatuko duen eredu baten alde gaude. Horregatik, ezinbestekoa iruditzen zaigu energia berriztagarrien inguruko proiektuak herritarrekin eta eragile publikoekin batera lantzea, eta herritarrek erabakitzeko aukera izatea haien diseinuan eta kudeaketan”, gehitu dute.
Azkenik, bailarako eta inguruko herrietako bizilagunei dei egin diete makro proiektu eoliko horiek geldiarazteko eta mendiak defendatzeko antolatuko diren ekintza eta mobilizazioetan parte hartzera.

