'Aztia' antzezlana egingo dute igandean, Landetxen
Metrokoadrokak eta Don Inorrez musika taldeak elkarrekin ondutako eta Oier Guillanen testuaren gainean sortutako pieza da.
Aztia emanaldiko lantaldea. Mendi Urruzuno Oiartzungo Antzerkizaleek antolatuta, Metrokoadrokak eta Don Inorrez musika taldeak elkarrekin ondutako eta Oier Guillanen testuaren gainean sortutako pieza egingo dute Oiartzunen hilaren 23an. Aztia da piezaren izena, eta Euskal Herriko zenbait herritan ibili ondotik, herrira, Oiartzunera itzuliko dira igande honetan. 19:00etan izango da saioa, Landetxen.
Bi taldeak elkartuta sortu dute Aztia, eta proiektuaren lehen emaitza izen bereko diskoa izan da; bigarrena, baina, zuzeneko emanaldia.
Oiartzunen bigarrena egingo dute, emanaldia, eta oholtzan Don Inorrez eta Metrokoadrokako kideak izango dira. Bertan, bizitza, kultura zein des-deslilulari buruzko gogoetak “umorez eta musikaz” zeharkatuko dituzte. Eszenatokian, hartara, Imanol Ubeda, Karlos Arancegui eta Fernando Neira musikariak; Ainhoa Alberdi butoh dantzariak; Oier Guillanen antzerki bakarrizketa; Idoia Beratarbide eta haren kanpo begirada; Junki Mayoren argiak; Pello Gorrotxategiren sonorizazioa eta Oscar Pîcazoren banaketa uztartuta sortu duten pieza egingo dute.
Honakoa da emanaldiaren sinopsia: Aztiak zoriontasunaren inguruko mintegi bat antolatu du. “Zoriontasuna hasiera bat besterik ez da” leloarekin. Bertan “autolaguntzaz” mintzatuko da, zirikatzaile, baina ezkutuan “auzolaguntza” izango du xede. Jendartean deslilura eta desesperantza nagusitzen ari direla dirudien garaiotan des-deslilura aldarrikatuko du Aztiak, hasiera oro zerbaiten amaiera izan daitekeen itxaropenarekin.
Sarrerak aurrez edota egunean bertan, leihatilan eskuratu behar dira.
