Auzo batzarrak "oso arrakastatsuak" izan direla dio udalak
Auzoz auzo ibili da udal gobernu taldea urrian zehar batzarrak egiten. Guztira 151 pertsonek hartu dute parte saio horietan.
Pasa den urrian zehar auzo batzarrak egin ditu auzoz auzo udal gobernu taldeak, eta zehaztu dutenez, aurtengoan ere “oso arrakastatsuak” izan dira saio horiek. Bilera horien helburua, beste gauza batzuen artean, legealdiko lehen erdiaren balorazioa egitea eta hurrengo bi urteetan udalak martxan jarriko dituen egitasmoak herritarrei jakinaraztea izan da. Zehaztu dutenez zortzi bilera egin dituzte, eta orotara 151 bizilagunek hartu dute parte horietan.
Oiartzungo Udalak aipatu duenez, herritarrek “interes handia” erakutsi dute abian dauden eta etorkizunean egingo dituzten proiektuetan. Hortaz, herritarren parte hartzean jarri dute interesa.
Saio horietan auzoak hobetzeko ekarpenak egin dituzte, eta diotenez bizikidetzarekin lotutako gaiak izan dira gehien errepikatu direnak, hala nola, autoen abiadurak eta behar ez den tokietan aparkatzeak sortzen dituen arazoak, kalean hondakinak botatzea…
Altzibar eta Arraguan euskaratik gaztelerara zuzeneko itzulpena eskaini dute, eta, Ugaldetxon, bestalde, zeinu hizkuntza erabili dute lehenengoz. Berrikuntza horri esker entzumen desgaitasuna duten hiru oiartzuarrek auzo batzarretan parte hartzeko aukera izan dute estreinakoz.
Kontatu dutenez, herritarrek egin dituzten ekarpenak kontuan izan dituzte 2026ko udal aurrekontua osatzerakoan. Gainera, jakinarazi dute batzar horiek baliagarriak izan direla auzoetan gauzatu beharreko zenbait lan eta hobekuntza “txiki” identifikatzeko. Udal ordezkariek esan dutenez ohar guztiak apuntatu dituzte, eta datozen aste eta hilabeteetan joango dira egiten.
Saioetako aktak udalaren webgunean daude, eta erabilitako aurkezpena, berriz, hemen.
