'Su txikian' liburua aurkeztu du Olatz Mitxelenak
1545 argitaletxearekin argitaratu dute Olatz Mitxelenak idatzi eta Irati Egurenek ilustratutako liburua. Asteon egin dute aurkezpena.
Su txikian Olatz Mitxelenak idatzi eta Irati Egurenek ilustratu duen albuma da, eta berriki horren aurkezpena eta liburuaren nondik norakoak azaldu dituzte.
Galderak sortzen zaizkio Udane bilobari, aitonak egiten eta esaten dituenak entzunda: aitonak landatu eta zaindutako basoa aitonarena ote da?, basoari kendu edo eman, zer egiten dio aitonak gehiago?, zuhaitzak mantso mantso haziko badira, ikusiko ote du aitonak bere basorik? Hori da liburuaren sinopsia.
Aurkezpenean azaldu dutenez, hausnartzeko liburua da Su txikian, hala nola, denboraz, basoaz, galdutako bizimoduez edota aldatzen diren ikuspegiez. “Galduki dira okilak, galduko dira su txikia eta basoari begiratzeko modua; galderarik ez zaigu ahituko, ordea: kaxk-kaxk egingo dio okilak irakurlearen buruari”.
Mitxelenak agerraldian azaldu duenez, liburuak irakurketa geruza ezberdinak izan ditzake. Liburuan zehar galera batzuen inguruan mintzo da idazlea, eta horren harira aipatu du interesgarria dela galerak galdera bihurtzea “betiere mundu bizigarriago eta mundu egokiago baten alde egin dezaten”. Hartara, zehaztu du etorkizunera begirako istorio bat izatea gustatuko litzaiokeela.
Liburua 1545 argitaletxeak argitaratu du.
