Ikuskak baditu irabazleak
Film laburren zikloaren irabazleak larunbatean iragarri ziren, Trintxerpeko Alkateordetzan egindako itxiera galan. Euskarazko Mintzagun saria Jon Martijaren 'Iturralde' film laburrarentzat izan da.
Bukatu da 2025eko Ikuska Pasaiako badiako Film Laburren Erakusketa. Aurtengoa zinema zikloaren 27. ekitaldia izan da, eta zortzi egunez, emakumearen ahalduntzeari, euskarari edota kausa sozialei buruzko film laburrak proiektatu dituzte. Itxiera gala larunbatean izan zen, Trintxerpeko Alkateordetzan, eta bertan ezagutarazi ziren aurtengo irabazleak. Larunbateko ekitaldian Laura Ré Kultura eta Ondare zinegotzia, Iraitz Pazos Trintxerpeko alkateordea eta Aintzane Taberna Donibaneko alkateordea izan ziren.
Horrela geratu da aurtengo palmaresa:
- Mintzagun saria: Jon Martija Leundaren Iturralde. Mintzagun sariak euskarazko film labur onena saritzen du.
- Epaimahai gaztearen saria: Jose Luis Lazaroren Kolera.
- Animaziozko film labur onenaren saria: James A. Castilloren El fantasma de la quinta.
- Interpretazio onenaren saria: Cristina Garciari, Luis Eduardo Perez Cuevasen Troleig film laburragatik.
- Film labur onenaren saria: Alvaro Guzman Bastidaren Your own boss.
- Ikusleen saria: German Mairen Faustino.
Sariak banatu ondoren, familia argazkia atera zuten irabazleek, eta honakoa esan zuen Iraitz Pazos alkateordeak: “Ospatzen duguna zinemaren, kulturaren eta sormenaren inguruan ia hiru hamarkadatan eraikitako zerbait da, komunitate bat sortu da. Ikuska ez da soilik film laburren erakustaldia. Ikuska begirada bat da. Begirada kritikoa, artistikoa, askotarikoa eta, batez ere, partekatua. Aurten hemen ikusi ditugun 67 film laburrek mundua ikusteko modu ezberdinak erakutsi dizkigute: intimitatetik konpromiso sozialera, umoretik dokumentalera, isiltasunetik aldarrikapenera. Ikuskak munduari leihoa irekitzen dio, baina baita gure barruari ere”.
Bestalde, honakoa adierazi zuen Kike Santiago Trintxer Kulturaleko ordezkariak: “Ikuskaren 27. edizioak berretsi egin du Pasaiako Badiako Film Laburren Erakusketak, Ikuskak, nazioarteko film laburren sektorean ez ezik, publikoaren leialtasunean ere duen garrantzia. Publikoa ez da soilik bertakoa, baizik eta Oarsoaldea osokoa eta baita haragokoa ere. Edizio honetan Euskal Herriko beste leku batzuetatik eta baita Ingalaterratik eta Frantziatik ere etorri dira ikusleak, eta guretzat plazera izan da hori. Gaueko beldurrezko eta umorezko saioetan ikuslez beteta egon da aretoa, eta horrek film laburren urteroko festa bilakatzen du Ikuska”. 27.a bukatuta, datorrena prestatzen hasi direla iragarri zuen Santiagok.
Mintzagun saria
Palmaresean zehaztu bezala, Jon Martija Leunda zuzendariaren Iturralde film laburrak irabazi du 2025eko Mintzagun saria. Trintxer Kulturala elkartearen xedeetako bat da, Ikuskaren bidez, euskarazko film laburren ekoizpena eta zabalkundea bultzatzea. Helburu hori betetzeko, 2012an Mintzagun saria sortu zen, Oarsoaldeko Euskara Batzordearen eta Errenteriako, Lezoko, Oiartzungo eta Pasaiako Udalen arteko lankidetzari esker. Egitasmoaren asmoa da euskararentzat espazioak eta aukerak sortzea.
Mintzagun saria hilaren 17tik 20ra bitartean erabaki da. Oarsoaldeko sei euskaltegietako ikasleek bost film labur ikusi dituzte Ikuskara aurkeztutako proiekzioen artean. Bozkak bildu ondoren, Jon Martijaren Iturralde film laburra izan da irabazlea. Saria Nerea Aguado ekoizleak jaso zuen larunbatean.
Mintzagun sariak 600 euroko ditu saria eta garaikurra banatzen ditu urtero. Egitasmoaren helburua da euskaraz ekoitzitako lanek ibilbide luzeagoa egitea eta ekoizpen gehiago izan dadin sustatzea.
