Euskal Herriko II. Hikadromora joateko deia egin du Ttur tturrek
Hilaren 6an (larunbata) egingo dute topaketa, Durangon, eta helburua hika hitz egitea da. Aurtengoan, batez ere gazteei luzatu diete gonbidapena.
Azaroan egindako Hika Topaketa bateko irudia. @zirhika ZirHika taldeak antolatuta, Euskal Herriko II. Hikadromoa egingo dute Durangon, Landako ikastetxean. Egitasmo hori hilaren 6an (larunbata da) izango da, eta Ttur tturrek hara joateko deia luzatu du.
Topaketa horren helburua hika hitz egitea eta ondo pasatzea dira, eta, aurreratu dutenez, hika hitz egiten dakitenek zein ez dakitenek har dezakete parte bertan. Gainera, euskalkian zein batuan, bakoitzak nahi duen modura hitz egin dezake Hikadromoan. Antolatzaileek bereziki gazteei luzatu die gonbidapena.
Iaz bezalaxe, jarduera Bagera euskara elkarteak gidatuko du, eta laukoteak osatuko dituzte hitz egiteko. Hala ere, hamabost minutuero taldeak eta gaiak aldatuko dituzte.
Iazko topaketan 75 lagun bildu ziren, eta aurtengoan 150 hikazale elkartzea da helburua. Hortaz, parte hartu nahi duenak izena eman beharko du, hemen.
Honakoa izango da egun horretako egitaraua:
- 14:30-15:30. Pintxo jana.
- 15:30-17:00. Hikadromoa.
- 17:00-17:30. Bertso saioa: Amaia Agirre eta Andoni Egaña
