ELAk akordioa lortu du Delcom Delivery enpresan
Oiartzunen dagoen enpresa horrek Amazonentzat egiten du lan, eta enplegua egonkortzeko eta mugagabe izateko bermeak adostu dituzte.
ELAk ohar bidez jakinarazi duenez, akordio bat lortu du Amazonentzat lan egiten duen Oiartzungo Delcom Delivery enpresan. Diotenez, enpresa hitzarmenak 53 langileen lan baldintzak “hobetzen eta berdintzen ” ditu honako neurrien bidez:
- Bi urteko epean %39,1era arteko soldata igoerak adostu
- Honako plus hauek arautzen dira: antzinatasuna, aldi baterako ezintasunagatiko prestazioa, zerbitzua ematearekin lotutako plusak, araututako egutegia…
- Lanpostuei eutsiko zaiela bermatzen da, baldin eta Amazon multinazionalak Delcom Deliveryrekin zuen kontratua deuseztatzea erabakitzen badu eta azpikontratatutako beste enpresa bati esleitzen badio
- Enplegua egonkortzeko neurriak jasotzen ditu, kontratu mugagabea eta egonkorra duen lan duina arautzeko eta bermatzeko
- 36 orduko lanaldia ezarri da, urtean 1.702 orduko mugarekin
Oharrean azaldu dutenez, beraz, ELAk, arrakala bat ireki du Amazonen kontratazio prekarioaren ereduan. “Izan ere, orain arte, Amazonek enpresa batekin zuen kontratua etetea erabakitzen bazuen, plantillak lanpostua galtzen zuen. Hemendik aurrera, Delcom Deliveryko 53 langileak ez dira erraldoi teknologikoak hartzen dituen kontratazio erabakien mende egongo. Azpikontratatutako enpresa aldatzen bada, plantilla esleipendun berriaren parte izango da, aurreko baldintzei eutsiz, eta hori oso urrats garrantzitsua da sektorearen prekarietateari aurre egiteko”, diote.
Horretaz gain, jakinarazi dute lantaldearen baldintzak berdindu direla: “Alde batetik, ABLE bidez kontratatuta zeuden 19 pertsonak enpresako langile bihurtuko dira, eta, beste alde batetik, Delcomeko estatu hitzarmena aplikatzen zitzaien pertsonek (LGStik hurbil zeuden soldatak zituztenek) nabarmen hobetuko dituzte lan baldintzak”.
Azkenik, diote ELAk “Amazon eredua” jarri duela zalantzan. “Eredu horretan, prekarietatea da araua, eta kontratazio mota guztiak sartzen dira: autonomo faltsuak, ABLEak, etab. Antolakuntza eta sindikalizazioa funtsezkoak dira bizi baldintzak hobetzeko eta kapitalismo digitalaren barruan ere aberastasuna banatzeko”.
Bide horretan, sindikatuak dio akordio horiek “oso erreferente garrantzitsuak” direla plataforma digitalen inguruko enpresetan, eta lanean jarraituko duela eremu guztietan baldintzak hobetzeko.
