Miriam Etxea, gizarte bazterketan dauden emakumeentzako "itxaropen gune bat"
Caritas Gipuzkoak etxe berri bat inauguratu du gaur Agustindarren komentuan. Bazterketa egoera "ikusezinean" dauden emakumeei emango die ostatu eraikinak.
Rosalia moja nagusia, Fernando Prado gotzaina eta Kontxi Elexpe. Gizarte bazterketan dauden emakumeentzako “itxaropen gune bat” zabaldu dute gaur Errenteria-Oreretako Agustinak auzoan: Miriam Etxea. Caritas Gipuzkoaren eskutik, babesgabetasun eta bazterketa sozialeko egoerak bizitzen dituzten emakume helduentzako etxe berri bat inauguratu dute gaur, Agustindarren komentuan hain zuzen. Bertan hartuko dute, gaurtik, ostatu zenbait emakumek. Sei sartu dira gaur.
Fernando Prado gotzainak hartu du lehenik hitza. Kezkati aipatu du Gipuzkoan 1.000 bat lagun daudela kale gorrian, eta asko direla emakumeak. Aipatu du amets egin duela “egoera ahulean zeuden emakumeei etxean bezala sentiaraztearekin, aintzatetsita eta lagunduta”, eta lanean jarri zirela asmo horrekin. Proiekuta “aintzindaria eta beharrezkoa” dela gaineratu du, “proiektu zehatza eta biziz betea bihurtzea ahalbidetu baitu”, haren ustez.
Bazterketa egoera “ikusezinean” dauden emakumeei eman nahi die ostatu eraikin berriak, leku seguru bat izan nahi du haientzat guztientzat. 30-45 urte bitarteko emakumeak dira bertan biziko direnak, eta denek hauskortasunak eta aukera faltak markatutako istorio bat partekatzen dutela aipatu dute gaurko agerraldian. Guztiak migratzaileak dira, hainbat leku eta kulturetatik etorritakoak.
“Kasu askotan bazterketa egoera ikusezinean bizi diren emakumeak dira: itxuraz bizimodu normalizatua dute, baina ez dute ez bizileku baimenik ez lan baimekin, ez dute osasun zerbitzuetarako sarbiderik, ez dute laguntza publikorik eskatzeko aukerarik, eta kasu askotan, ez dute gutxieneko babes sarerik. Bizitzan zehar hainbat motatako indarkeriei aurre egin diete, eta oso baldintza gogorretan eta isilean bizi behar izan dituzte eguneroko gorabeherak”, aipatu dute Caritaseko Kontxi Elexpek.
Finean, “berriro hasteko etxe bat” izan nahi du Miriam Etxeak. Sei banako gela auki daitezke bertan, eta elkarrekin bizitzera, ikastera eta eguneroko bizitza partekatzera gonbidatzen duten espazio komunak ditu. Denek bertan erroldatzeko aukera izango dute.
Arreta pertsonalizatua jasoko dute emakumeek, norberaren erritmoak errespetatuz. Haien aiutonomiarako bidea erraztu nahi diete horrela.
Auzoari eta komunitateari irekia
Etxe honek bokazio komunitario argia izango du gaurtik. Auzoari eta auzotarrei zabalik izango den etxea izango da, “loturak ehuntzeko, zaintzak batzeko eta harreman osasuntsu eta eraldatzaileak sortzeko gai den espazio bat” izan nahi baitu. Hasi berria bada ere, proiektua itxaropenean handia dela gaineratu dute bukaeran, baita bizitzak aldatzeko gaitasunean ere.



