Herritu, Tripontzia eta Gure Eskuko materiala, Txerri Egunean
Euskal herritartasuna adierazteko euskarri fisiko sorta da Herritu, eta, besteak beste, Euskal Herria nazioa dela, zazpi lurraldez osatutakoa eta euskara berezko hizkuntza dela adierazteko balio du.
Txerri Eguna izango da bihar Oiartzunen, eta, ondorioz, zenbait postu jarriko dituzte herrian barna. Eragileek euren txokoa izango dute norbere produktuak bistaratzeko, eta, tartean, Oiartzungo Gure Esku izango da.
Beste urte batzuetan bezala, aurten ere postua jarriko dute, eta bertan Herritu, Tripontzia eta Gure Eskuko materiala eskuratzeko aukera egongo da.
Herritu euskal herritartasuna adierazteko euskarri fisiko sorta bat da, eta multzo hori txartela, pinak eta pegatinak osatzen dute. Txartel digitala egiteko aukera ere badago, baina Gure Eskutik adierazi dute batez ere ekintza bat dela “euskal komunitatea trinkotu eta eraikitzen jarraitzeko”.
Bide horretan, nabarmendu dute ekintza horren bidez adierazi nahi dela “Euskal Herria nazioa dela, zazpi lurraldez osatutakoa, eta euskara berezko hizkuntza duela”. Era berean, azpimarratu nahi dute “euskal herritarrok gure etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea dugula, eta XXI. mendeko erronkei heltzeko, burujabetza tresnak behar ditugula aldarrikatzeko”. Oro har, ekintza bat, “Euskal Herria herritar guztien eskubide guztien bermearen gainean eraikiko dugula gogorarazteko”.
Txartel hori egin nahi duenak karnet tamainako argazki bat eraman behar du.
Horretaz gain, Gernika-Palestinarekin duten elkarlanean oinarrituta elkartasun aktiboko materiala eta Tripontzia ere izango dituzte eskuragarri postuan.
Esteka honetan dago informazio gehiago.
