WhatsApp taldea produktuei bizitza berri bat emateko
'Oiartzun! Nork nahi du?' izeneko WhatsApp talde bat sortu dute etxeko tramankulu zein arropari bigarren bizitza bat emateko. 150 lagun inguru daude dagoeneko sare horretan.
Produktuei argazkiak atera eta taldera bidaltzen dituzte. Imanol Saiz Gomez de Segura Produktuek bizitza laburra dute gurean. Modak oso azkar iraungitzen dira, eta uneoro kontsumismoa bultzatzen duten mezu subliminalak —eta ez horren subliminalak— jasotzen dira alde guztietatik. Gero eta produktu gehiago izatea arrakastaren seinale den gurpilean murgilduta dago gizartea, eta konturatu ere egin gabe kontsumismoaren iruzurrean erortzen da jendea.
Horren adibide izan daitezke, esaterako, haurren jostailuak. Etxe askotan hamarnaka jostailu izaten dituzte haurrek, baina jostailu bakoitzaren ilusioa azkar igarotzen da, segituan aurkitzen baitute esku artean dutena baino zerbait erakargarriagoa. Hartara, etxekoari nolabait muzin egin eta jostailu berri horren bila hasten dira. Tira, haurren kasuan hori, baina ekuazio bera aplika dakioke arroparen kontsumoari.
Bada, baina, oraindik nolabaiteko kontzientzia duenik, eta bada, beraz, produktu zein jostailuei bigarren bizitza bat ematearen alde borrokatzen duenik. Horren adibide da Haritz Ertzibengoa. Oiartzunen bizi da, eta Oiartzun! Nork nahi du? WhatsApp taldea sortu du berriki haren bikotearekin egindako hausnarketa baten ondorioz, produktuak trukatu eta beste etxe batean kokatzeko.
Ertzibengoaren bikotekidea kataluniarra da, eta beraz, Katalunian bizitakoak dira biak. WhatsApp taldearen sortzaileak azaldu du han badirela horrelako talde txikiak zeinetan komunitatean lan egiten duten; esaterako, auzoka edo ikastetxeka. “Guk etxean bagenituen erabiltzen ez genituen zenbait gauza, eta ingurukoei eskaintzen genizkien, baina inork ez zituen nahi, eta pena ematen zigun horrek. Ez genuen lortzen produktu batzuei beste bizitza bat ematea, eta azkenean bota egin behar izaten genituen”.
Egoera zein zen ikusita, hausnarketa ariketa bat egin zuen bikoteak, eta Oiartzunen horrelako talde bat sortzea otu zitzaien. Horrela jaio zen Oiartzun! Nork nahi du? taldea. Taldea sortu eta ingurukoei bidali zieten esteka. Gero, ahoz aho pasa zen egitasmoa, eta gaur egun 150 lagun inguruko taldea da.
Taldearen izaeraren inguruan galdetuta, sortzaileak “Oiartzungo komunitate txiki bat” bezala definitu du, eta herritarrek etxean erabiltzen ez dituzten eta oraindik erabilgarriak diren produktuak edota arropak eskaintzeko leku bat dela kontatu du. Alabaina, hori ez da taldearen egiteko bakarra, kontrara ere funtzionatzen baitu. Alegia, gauzak eskatzeko espazio ere bihurtu da taldea. “Etxean zerbait behar badu norbaitek eta ez badu erosi nahi, edota ez badatorkio ondo erostea, eskatu egiten du taldean ea norbaitek hori soberan duen edo ez duen erabiltzen”, gehitu du.
Funtsean, taldearen helburua da etxeetan erabiltzen ez diren produktu edota jantziak garbigunera eraman edo zakarretara bota beharrean, berrerabiltzea.
Kontzientzia ariketa bat
Ertzibengoak kontatu duenaren arabera, haurren arropak, jostailuak, zapatilak, botak eta anorakak bezalakoak dira gehien kokatzen direnak. “Haurrak dauzkagunok ikusten dugu nola jostailu eta gauza pila bat dituzten, eta hondatu baino lehen erabiltzeari uzten dioten. Askok ditugu etxean erabiltzen ez diren, baina ondo dauden gauzak”.
Hilabete baino gutxiago du egitasmoak, eta sortzaileak dio “oso ondo” funtzionatzen duela; are, aipatu du gauza batzuk hamar minutuan kokatuta egoten direla. Haatik, azaldu du taldean eskaintzen diren gauza guztiak ez direla kokatzen, baina sinistuta dago talde hori egote hutsak on egiten diola bati baino gehiagori. “Taldearen helburua bada kontzientzia ariketa bat egitea berrerabilpena sustatzeko eta kontsumo bortitz hori murrizteko, baina ez dugu ahaztu behar egon daitekeela jendea hilabete bukaeran zailtasunak dituena eta horrelako aukerak izatea, dudarik gabe, ekonomikoki lagungarria izan daitekeela”, osatu du.
Taldea herri guztiari irekia da, hartara gertutasuna bermatzen baita trukeak egiteko orduan. Taldea dinamikoa izan behar dela dio Ertzibengoak, eta, beraz, jakitun da gero eta jende gehiago izan, orduan eta arrakasta handiagoa izango duela. Beraz, taldeko kide izateko, taldean dagoen norbaiti sartzeko eskatu behar zaio.
