Xanisteban eguna ospatuko dute San Juan kalean
San Juan kaleko batzordeak egitaraua ondu du egun horretarako; patata tortilla lehiaketa, artxibo digital zein argazki erakusketaren aurkezpena eta erromeria izango dira nagusi.
San Juan kaleko batzordeak hitzordu berri bat prestatu du: Xanisteban eguna. Antolatzaileen izenak berak dioen moduan, San Juan kalean izango da jaia, eta hilaren 26a (ostirala da) izango da egun handia.
Santurik santu lan egin behar gauero, santurik santu hor gabiltza egunero lelopean antolatu dute egun horretako egitaraua, eta 13:30ean hasiko dira ekintzekin. Patata tortilla lehiaketa egingo dute lehenbizi, baina ordu horretarako prest eramateko dei egin dute antolatzaileek. Txapelketaren ondotik bermuta egingo dute Dj altabozak girotuta. Arratsaldean, 18:30ean zehazki, San Juan kalearen ondarearen artxibo digitala eta argazki erakusketaren aurkezpena egingo dituzte, eta, azkenik, 19:00etan, erromeria izango da Xaloki taldearekin.
