Inor oparirik gabe gelditu ez dadin
Zaurgarrienak diren familietako haurrek Gabonetan oparia izango dutela bermatzea lortu dutela esan du Jose Angel Rodriguez Errenteriako PSE-EEko idazkariak.
Almudena De La Torre eta Jose angel Rodriguez bildutako opariekin.PSE-EE “Arrakastatsua”. Horrela definitu du alderdi sozialistak Irri bat oparitu kanpainaren hamalaugarren ekitaldia. Izan ere, zaurgarrienak diren familietako haurrek Gabonetan oparia izango dutela bermatzea lortu dutela esan du Jose Angel Rodriguez Errenteriako PSE-EEko idazkariak, “kanpainarekin bat egin duten elkarte eta norbanakoei esker. Beste behin ere, gure herriko familia zaurgarrienekiko elkartasuna adierazi dute hamaika eragile eta norbanakok. 157 familiak eskatu dute laguntza hori opariak lortzeko”.
Erakusten den elkartasuna da arrakastaren gako Rodriguezen esanetan. Esker ona adierazi diote sozialistek Errenteriako Gurutze Gorriari “egiten duen lanarengatik eta kanpaina honetan parte hartzeagatik”. Azken elkarte hori izango da bildutako jostailuak zaurgarrienen artean banatzeko arduraduna. “Oiartzungo Alcampo supermerkatuari ere eskerrak eman nahi dizkiogu kanpaina honetarako egiten duen ekarpen desinteresatuagatik”, gaineratu dute.
