'Gaua' filmeko jantziak Kapitain Etxean
Jantziaren Zentroak hartuko du erakusketa hilaren 10etik aurrera, doan, Kapitain Etxearen sarreran.
Erakusketara bildutako jantzietako batzuk.Jantziaren Zentroa Luxuzko erakusketa antolatu du Jantziaren Zentroak Kapitain Etxearen sarreran, Gaua filmeko jantziekin ondua. Larunbatean, hilak 10 zabalduko du Nerea Torrijos diseinatzaileak sortutako jantzien erakusketa hori, eta Paul Urkijo zinema zuzendari gasteiztarraren Gaua filmean barneratzeko aukera eskainiko die bertaratzen direnei.
Jantziaren Zentroko arduradunek jakinarazi dutenez, ezkerretara begiratuta, pelikularen hasieran murgilduko dira ikusleak, Kattalin protagonistak etxetik ihes egin eta gauez basoan hiru emakume topatzen dituen unea. Aurrez aurreko paretan, berriz, XVII. Mendeko noble eta elizaren jantziak, herri xehearekiko jantziekin alderatuta.
Erakusketaren bidez Nerea Torrijos zinemako jantzi diseinatzailea eta bere lana ezagutarazi nahi dute. Jantziekin batera, aurre produkzio lanean aurkeztutako dosierra ere ikus daiteke, “bertan, Torrijosek pertsonaia bakoitzarentzat proposatutako jantzia, oihal, kolore eta egindako dokumentazio historikoa”.
Urteak daramatza zinema munduan lanean Torrijosek (Bilbo, 1985) Paul Urkijo zuzendariarekin elkarlana duela hamarkada bat abiatu zuen eta horren film luze guzt ietako jantziak egin ditu: Errementari (2017), Irati (2023) eta Gaua (2025). Goya saria irabazi du Akelarre filmarekin (2021), eta beste bietan Goya sarietarako izendapena jaso du Irati (2023) eta 20.000 especies de abejas (2024) filmengatik.
Bere azken lanen artean Asier Altunaren Karmele (2025) eta Korrika 2026ko kantaren bideoa aipatu daitezke.
Zinema munduarekin elkarlanean egiten duen lehen erakusketa da honakoa Jantziaren Zentroarentzat. Torrijos bera da erakusketaren komisarioa, Izaskun Urkijok girotu du basoa, Irusoian eta Ikusgarri ekoiztetxeek filmeko irudi, trailer eta soinu banda erabiltzeko baimena eman dute, eta Madrilgo Peris Costumes jantzi etxeak erakusketako jantziak utzi ditu.
Gaua filmeko jantzi liluragarriak Nerea Torrijosen eskutik erakusketa Jantziaren Zentroaren sarrera ikusi ahalko da martxoaren 22ra arte, larunbatetan 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, eta igande eta jai egunetan 11:00etatik 14:00etara.
