Urmenetak eta Odriozolak jantzi dute txapela
Negua Txapelketaren eskuz binakako seniorretan onenak izan dira EPLEko pilotariak eta finala irabazi. Trinketeko eskuz binakako senior kategorian Taberna eta Chiapuso finalaren zain dira, txapelketa guztia partidarik galdu gabe lehiatu ostean.
Iker Urmeneta artxiboko irudian.Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioa Bikain ari dira EPLEko pilotariak lanean, eta bikaintasun horrek, emaitzak eman ditu. Urmeneta eta Odriozolak osatutako bikoteak txapela ekarri etxera Negua Txapelketako eskuz binakako seniorren kategoriako finala irabazita. Pasa den igandean jokatu zen final hori Gipuzkoako Pilota Federazioak antolatuta Azkoitiko Gurea pilotalekuan, eta aldearekin garaitu ziren EPLEkoak Aloña Mendi klubeko ordezkariak 22-14 garaituta. EPLE Errenteriako Pilotaren Lagunak elkarteak bi pilotarien lana goraipatu du, baita ligaxka fasean jokoan aritu ziren Taberna, Zapirain eta Arangurenen lana ere.
Neguan emaitza bikainak eta trinketean finala jokatu zain berri onak izateko aukerak handi-handiak dira ere. Izan ere, EPLE erreferentziazko taldea izan da aurten ere Gipuzkoako Trinketeko eskuz binakako seniorren kategorian. Lehen Mailan Taberna eta Chiapuso dira sailkapen taulan lehenak partida guzti-guztiak irabazita. Finalaren zain dira orain, baina aurretik finalaurrekoa jokatu behar dute EPLE 2 taldeko Santamariak eta Antton Aranburuk Mundarroren kontra. Partida hori irabazten dutenak helduko dira finalera eta Taberna eta Chiapusoren kontra egin beharko dute.
Bigarren mailan finalaurrekoetako bat derbia izango da, EPLEko lau pilotari ariko baitira aurrez aurre: Eneko Aranburu eta Eneko Sorondo, Zapirain eta Arangurenen kontra. Bi finalerdiak larunbatean, hilak 10, jokatuko dira Irurako trinketean. Finalak, berriz, hilaren 17-18ko asteburuan.
Sasoiaren bigarren aldia
Datorren asteburuan hasiko da sasoiaren bigarren zatia EPLEko lehiaketa federatuari dagokionean. Eskolako txapelketez aparte, 18 talde federatu ariko dira Erremintako Euskal Ligako Ohorezkoan, Euskal Ligako eskuz binakakoan, Udaberriko eskuz binakako eta gomazko paletan, Gomazko Paleta banaka 7aren barruan zein kantxa osoan, eta Kimu eta HAur errendimenduan.
Bestalde, gogora ekarri du Pilota Eskolak gaur hasiko dituela klaseak oporraldiaren ostean esku pilota eta palan eta horren harira oraindik ere izena emateko aukera dagoela jarri du nabarmen. Doakoa da izena ematea eta maiatza bukaera arte probatu daiteke konpromisorik gabe. Esku pilotan 2014 eta 2017 urteen artean jaiotako haurrek probatu dezakete; palan, berriz, 2010 eta 2015 urteen artean jaiotakoek.
