Euskaltegietan izena emateko epea zabaldu dute
Udal Euskaltegian eta Xenpelar AEK Euskaltegian dago izena emateko aukera. Deskontuak eta hobariak aplikatuko dituzte izen emateetan.
Errenteriako Udalak jakinarazi du zabalik dagoela bertako euskaltegietan izena emateko epea, eta “euskara kohesio sozialerako ezinbesteko tresna” denez eta “herritar orok eskuragarri” izan behar duenez, zenbait hobari zein diru laguntza jarriko dituztela herritarren eskura.
Esaterako, langabetuek zein gutxieneko soldata baino gutxiago kobratzen dutenek matrikula doan izango dute. Horixe bera aplikatuko zaie A1 eta A2 mailetako ikastaroetan izena ematen duten ikasleei zein 16 eta 18 urte arteko gazteei. Alabaina, eskoletako asistentzia betetzen duten ikasle orori %80ko hobaria aplikatuko zaiela jakinarazi dute.
Udal euskaltegian A1, A2, B1, B2, C1 eta C2 mailako tituluak lortzeko taldeak egingo dituzte, eta astean 20, 15, 10 eta 5 orduko saioak izango dira.
Era berean, AEK-k ere ordutegi zabala eta ordaintzeko garaian erraztasunak eskainiko ditu A1, A2, B1, B2, C1 eta C2 mailetan. Eskolak goizetan, eguerdietan eta arratsaldeetan izango dira, eta autoikaskuntza (online) egiteko aukera ere egongo da.
Udal Euskaltegian izena emateko zenbait bide daude: 943 44 96 80 zein 647 68 09 27 zenbakietara deitzea, mezu elektroniko bat bidaltzea edota bulegora bertara joatea. Bulegoa astelehenetik ostegunera 09:00etatik 17:00etara egoten da zabalik; ostiraletan, berriz, 09:00etatik 14:00etara.
Xenpelar AEKn izena emateko bideak, berriz, honakoak dira: 943 34 02 33 telefonora deitzea, mezu elektroniko bat bidaltzea edota bulegora bertara joatea. Bulegoa 09:00-13:00 eta 17:00-20:00etan egoten da zabalik. Ostiraletan, baina, goizez egoten da zabalik.
