Hilaren 13an egingo du bilera Korrika batzordeak
Martxoaren 24an zapalduko du Korrikak Oiartzun, eta egun handia prestatzeko deialdia luzatu du Intxixu AEK-k. Hilaren 13an izango da bilera, 17:30ean.
Atzo bertan iragarri zuten zein izango den Korrikaren aurtengo ibilbidea. 24. aldia du aurtengoa, eta Atharratzetik (Zuberoa) Bilbora egingo du bidea. Denek zekiten irteera eta helmuga zein lekutan izango ziren, baina, atzo goizeko lehen orduan argitaratu zuten ibilbide osoa; beraz, dagoeneko badakite Oarsoaldeko biztanleek noiz pasako den AEKren martxa euren herrietatik.
Oiartzun izango da eskualde honetatik igaroko den lehen herria, martxoaren 24an. Goizaldean pasako da herritik, 02:38 aldera, eta handik Irunera joango da. Informazio hori jakinda, hasi dira dagoeneko egun handia prestatzen, eta Intxixu AEKn egingo dute Oiartzungo Korrika batzordea. Hilaren 13an (asteartea) izango da hitzordua, 17:30ean.
