Oiartzungo hika ikasteko aukera txertatu dute 'Appa hi!'-n
Hitanoaren oinarria hartzeko aplikazioa da 'Appa hi!', eta nahi den erritmoan eta momentuan egin daiteke lanketa. Horretarako, sakelako telefonoa baino ez da behar. Oiartzungo hika gehitu dute berriki.
Txerri Egunean aurkeztu zuten Appa hi!.Itsaso Aldai Appa hi! aplikazioa 2021. urtean sortu zuten Badihardugu Euskara Elkarteak eta Codesyntax enpresak, helburu bakar batekin: bost astean zehar modu jolasgarrian hitanoaren oinarria jasotzea. Oñatin sortu zuten aplikazioa Ingo xonau! proiektuaren barruan; hortaz, hasieran herri horretarako pentsatuta zegoen, baina gerora euskara batuaren bertsioa gehitu zioten. Arrakasta handia izan zuen, eta pixkanaka Euskal Herriko zenbait herritako bertsioak gehitu dizkiote. Oraintsu arte, herri hauetako hizkera ikasteko aukera ematen zuen aplikazioak: euskara batuko hika, Aretxabaletako hika, Arrasateko hika, Azkoitiko hika, Beasaingo hika, Bergarako hika, Eibarko hika, Ermuko hika, Eskoriatzako hika, Leintz Gatzagako hika, Oñatiko hika eta Zumaiako hika. Txerri Egunean, baina, zerrenda horretara hamalaugarren herria batu zen: Oiartzun.
Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak duela urte batzuetatik hartu du bere gain Oiartzunen hitanoa lantzeko erronka, eta zenbait formatan egin dute hori. Izan ere, ikastaroak, hitzaldiak, liburuxka edota hikalaguna bezalakoak egin dituzte azken urteotan.
Itsaso Aldai Ttur-tturreko kidea da, eta egindako lanarekin pozik agertu bada ere, penaz kontatu du hika ikastaroak arrakasta galdu duela. “Hika ikastaroak hasieran arrakasta izan zuen, baina denbora aurrera joan ahala urtetik urtera ikusi genuen gero eta jende gutxiagok ematen zuela izena”.
Badira dagoeneko bost urte Appa hi!-k argia ikusi zuela, baina argitaratu aurretik Badihardugu enpresako kide bat Oiartzunera joan zen, eta egitasmoaren berri eman zien kideei.
Gauzak horrela, Ttur-tturreko kideek ondorioztatu zuten bazutela nahikoa oinarri aplikazioa ontzeko. “Materiala sortuta genuela ikusi genuen, eta, beraz, aurtengo erronka hori izan da, aplikazioa prestatzea”.
Hamalaugarren bertsioa
‘Zer da hika ittia? Zer da hitanua? Hika itteko moduai saten zion hitanua. Neskai hitz eitteko moduai noka saten zion ta mutillai zuzentzeko moduai toka. Hasteko prest al ñoz? Aurrea ba!’. Bost atal ditu Oiartzungo hikaren ikasgaiak: Hasinank, Banabillenk, Baniank, Ainank zein Appahi!, eta atal bakoitzean zortzi pilula daude.
Lehenbiziko pilulan, esaterako, ezaugarri orokorrak lantzen dira, eta bertan hika bera zer den edota noiz erabiltzen den bezalako azalpenak ematen ditu; alegia, informazio nagusia. ‘Nor’ aditzarekin hasten da lehen atala, aditzaren orainaldiko adierarekin, eta bigarren pilulan ‘eduki’ aditza lantzen da, hori ere orainaldian. Kasu horretan singularra eta plurala lantzen dira. ‘Nor’ aditzarena ere da hurrengo geldialdia, baina oraingoan lehenaldiko adiera da jorratzen dena, eta berdin ‘eduki’ aditzarekin. Azkenik, ‘heldu’ [oiartzueraz, etorri] aditza lantzen da orainaldian, eta baita lehenaldian ere. Horiek dira, esaterako, estreinako asteko lanketan jorratzen diren gaietako batzuk, eta Aldaik aurreratu duenez, ariketak eta gaiak “zailtzen” joaten dira edukian aurrera egin ahala. Aplikazioak lehenbizi “azalpen minimo batzuk” ematen ditu, eta horien ondotik jolasak hasten dira.
Galdera sorta ondo erantzun behar da derrigor hurrengo pilulara jauzi egin ahal egiteko, sistemak behin eta berriz egiten baititu galderak harik eta denak ondo erantzuten diren arte. Gainera, astean egindako pilula horien errepaso testu bat ere aktibatzen da.
Alabaina, lanketa hori banaka egin beharrean, lehiaketa bidez egiteko aukera ere ematen du Appa hi!-k.
Oiartzungo hizkeran idatzia
Aldaik kontatu du Oiartzunen ez daudela ohituta kalean kartelak ahozko hizkeran idatzita ikustera; aplikazioa, haatik, hala egin dute, eta hori “erronka bat” izan dela azaldu du. “Hika ahozko hizkerarekin dagoenez lotuta, apustua egin dugu idazterakoan. Baina, tira, apustu hori egitea erabaki genuen naturalagoa iruditzen zitzaigulako bertako hikarekin bertako hizkera ere sartzea”.
Txerri Egunean aurkeztu zuten egitasmoa, eta betikotuta geratuko da aplikazioan Oiartzungo hika ikasteko aukera. Baina hori gutxi balitz, euskaltzaleon elkarteko kideak jakinarazi du berau elikatzen jarraitzeko aukera izango dutela hala nahi dutenean.
