Urtarrila goxatzeko, hamaika deialdi
Oiartzungo eragileek udalarekin batera ondu duten urtarrileko aisialdiko agenda argitaratu dute berriki. Kontsultatu ekitaldi guztiak, hemen.
2025eko Dantzari Eguneko irudi bat. 2026ari hasiera emanda, urteko hilabete hotzenetako bat goxatzeko zenbait ekitaldi antolatu dituzte herrian, eta, berriki, herriko zenbait eragilek udalarekin elkarlanean antolatu dituzten ekitaldien berri eman dute.
Urtarrilean haurrei zuzendutako eskaintza “oso zabala” izango dela nabarmendu du udalak, hamaika ekitaldiz gozatzeko aukera izango baitute; hala nola, zenbait filmez, ipuin kontaketez edota Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizunaz. Horietaz gain, Abaraxka Ludotekak ere zenbait hitzordu antolatu ditu hilabete honetarako.
Haurrek izango dute euren aisialdian zer egin, baina helduak ere ez dira atzean geratuko, horiek ere izango baitute euren aisialdiaz gozatzeko aukerarik. Horren adibide dira fandango eta arin arina ikasteko ikastaroak, Olatz Salvador eta Alaia Martinen 1:1 eskala ikuskizuna, Kontxa Murgiari omenaldia eta beste horrenbeste.
Oiartzungo Udalak iragarri du otsaileko aisialdiko deialdien proposamenak bidaltzeko aukera dagoela helbide honetara hilaren 20a baino lehen. Azkenik, gehitu dute Landetxeko ikuskizunetarako sarrerak leihatilan eskuratzeko aukera dagoela astelehenero 17:30etik 19:00etara, edota online, edonoiz.
Urtarrileko aisialdiko agenda osoa ikusteko, egin klik hemen.
