Karrikako Kuestazioko txartelak ostiralean salduko dituzte
Ostirala (hilak 16) izango da Karrikako Kuestazioko tiketak erosteko aukera bakarra. 19:00etan jarriko dituzte salgai, Artaso elkartean.
Prest dira egun handirako intxixu, basandre zein sorginak. Kuestazioa ate joka dago, eta oiartzuarrak apurka apurka ari dira hitzordu ezin garrantzitsu horretarako antolatzen eta jantziak prestatzen.
Motorrak berotzen ari dira baserriz baserri nekatu arte dantzan egiteko. Gauzak horrela, auzoak mugitzen hasi, eta prestaketa lanekin ari dira; horren adibide dira Karrikako bizilagunak, dagoeneko jakinarazi baitute zein izango den egun horretako auzotarren menua.
Paella, postrea, kafea eta kopa izango dituzte, eta azpimarratu dute menu bakarra egongo dela. Era berean, azaldu dute denek ongi pasa eta gauzak errazteko ardura batzuk izango dituela kuadrilla bakoitzak, baina horiek tiketak erosi ondoren banatuko dituztela.
Bestalde, esan dute txartel horiek erosteko aukera bakarra egongo dela: hilaren 16an. Artaso Elkartera joan behar dute interesa dutenek 19:00etan, baina diote pertsona bakoitzak gehienez ere bost tiket hartu ahal izango dituela.
Azkenik, irmo azaldu dute arduraz eta errespetuz jokatu behar dela, eta ez dela inongo eraso edota indarkeriarik onartuko. Hots, gehitu dute antolakuntza ez dela gertatzen diren ezbeharren kargu egingo.
Leku aldaketa
Karrikako Kuestazioaren antolatzaileek iragarri dute aurten aldaketa bat izango dela, eta, ondorioz, bazkaria elkarteko aterpean izango dela.
