Ostiralean, Karlos Saldise gogoan
Sortuk Karlos Saldise Korta oroitzeko ekitaldia egingo du bere izena daraman plazan hilaren 16an, 19:30ean hasita.
Iazko omenaldikoa da ondoko irudia. 1980ko urtarrilaren 16an hil zuen Karlos Saldise Korta lezoarra bere etxearen atarian indar parapolizialek, 32 urte zituela. Hura hil eta 46 urtera Sortuk, aurten ere, aitortza ekitaldia egingo dio ostiralean (hilaren 16an) 19:30ean Lezon bere izena daraman plazan, Karlos Saldise plazan.
Bi talde parapolizial faxistak hartu zuten bere gain hilketa, Batallon Vasco Españolek eta Grupos Armados Españolesek. Baina, Saldise nork hil zuen ez da argitu, izen-abizenik ez da. “Heldu da garaia zein diren krimen horien arduradun zuzenak eta zeharkakoak argitzeko”, esan zuten iaz Sortuk egindako aitortza ekitaldian. “Estatu terrorismoa” baliatu zutela azaldu zuten, “era zigorgabean giza eskubideak urratu eta erailtzeko. Bitartean, egia jakiteko eskubiderik gabe jarraitzen dugu”.
Karlos Saldise, Eusko Jaurlaritzaren 2016/12 legeak hala aitortuta, giza eskubideen urraketaren biktima gisa izendatua izan zen 2023ko abenduan.
2020ko urtarrilean, Saldise hil zutela 40 urte bete zirenean, haren gaineko erreportajea egin zuen HITZAk. Hemen sakatuta irakur daiteke.
