40 jarduera inguru urteari ongietorria emateko
Pasaiako Udalak urteko lehen lauhilekoko kultur agenda argitaratu eta herritar guztiei etxez etxe bidali die, informazio guztia eskura izan dezaten.
Urtea indartsu hasi da Pasaian. Urtarriletik apirilera bitartean euskara, kultura, musika eta berdintasunarekin lotutako 40 jarduera inguru antolatu dira Pasaiako lau barrutietan. Urteko lehen lauhilekoko egitasmo guztiak eskuorri batean jaso dira, eta herritar guztiei etxez etxe banatu zaie, informazio guztia eskura izan dezaten. Pasaiako Udalak hainbat ekitaldi nabarmendu ditu.
Urteko lehen jarduera larunbatean (hilaren 17an) izango da. Zinema Txikiak Grintxa filma proiektatuko du Donibaneko Juanba Berasategi aretoan, 17:30ean. Datorren astelehenean (hilaren 19an) Irakurketa Klubaren ikasturteko laugarren saioa egingo da Trintxerpeko liburutegian, 19:45ean: Unai Elorriagaren Francesco Pasqualeren bosgarren arima liburuaren inguruan arituko dira. Hilabetea bukatzeko, Kaldereroak egingo dira hilaren 31n.
Otsaila Santa Agedako ospakizunekin hasiko da. Udal Euskaltegiak jarduerak programatu ditu otsailaren 4rako, Santa Ageda eguna goratzeko. Otsailaren 8an, El bar nuestro de cada día antzezlana taularatuko da. Otsailaren 9tik 14ra, aldiz, Kantu Astea ospatuko da Trintxerpeko alkateordetzan. Hilabetea bukatzeko, Bokaleko gazte elkarguneak bertso bazkaria egingo du Antxon otsailaren 28an. Bertan izango dira Aner Peritz, Miren Artetxe eta Onintza Enbeita bertsolariak.
Martxoan Pasaia 0KM jaialdia egingo da, eta egitasmo horren barruan antzerki eskolen topaketa antolatuko dute. Martxoaren 8an Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko jarduerak eta mobilizazioak egingo dituzte Pasaiako elkarte eta eragileek. Azkenik, martxoaren 23tik 27ra ganbera musikako kontzertuak egingo dira.
Apirilean, antzerki emanaldiez, Irakurketa Klubeko saioez eta Zinema Txikiko proiekzioez gain, Inudeen eta Artzainen desfilea egingo da Trintxerpen. Kontu Kantari Solasaldi Musikatuen zikloa ere apirilean itzuliko da. Hil horren 19an izango da lehen saioa, eta Eñaut Elorrietaren kantak entzun eta artista gertutik ezagutzeko aukera izango dute pasaitarrek.
Jarduera guztien zerrenda, sarreren salmenta eta xehetasun guztiak udal webguneko Agenda atalean eta sare sozialetan kontsulta daitezkeela gogorarazi du Pasaiako Udalak. Ordutegi edo datetan azken orduko aldaketarik egongo balitz, horiek ere bide horietatik argitaratuko liratekeela jakinarazi du udal erakundeak.
