Unax Landa pilotari oiartzuarrak Baikorekin debutatuko du
Baiko Pilota enpresarekin bi urterako kontratua sinatu du gazteak. "Etorkizun handiko pilotari" moduan deskribatu du Aimar Olaizolak.
Unax Landa de Marcos, Baikoren egoitzan. Baiko Pilota Baikok berriki iragarri du Unax Landa de Marcos pilotari oiartzuarrak Baiko Pilotarekin debutatuko duela.
Txikitatik ari da pilotan gaztea, eta ez du beste kirolik probatu. Horrek eman ditu bere fruituak, Baiko enpresarekin bi urterako sinatu baitu kontratua. “Profesionala izatea dut amets. Txikitatik pentsatzen dugu hori”, esan zion pilotariak HITZAri iragan abenduan.
Aimar Olaizola Baikoko kirol arduradunaren arabera, afizionatu maila “oso ondo” aritu den atzelaria da Landa, eta “ezker eskuarekin duen kolpea azpimarratuko nuke. Etorkizun handiko pilotari bezala ikusten dut”.
