Joxe Kruz Ezeiza 'Kaxka' eta Karmele Mitxelena, Hitzetik Hortzera saioan
Oiartzungo Bertso Astea ardatz izanik, 'Bertso astea eta askoz gehiago' izeneko dokumentala egin dute. Saioa larunbatean botako dute, ETB 1en.
Joxe Kruz Ezeiza Kaxkak eta Karmele Mitxelenak Bertso astea eta askoz gehiago izeneko dokumentala egin dute. Izenburuak berak dioen moduan, herriko Bertso Astearen inguruko pieza da ondu dutena, eta haren inguruan sakontzeko elkartu dira Mirari Martiarenarekin.
Mitxelena eta Kaxka Bertso Astearen artxiboa digitalizatzen hasi ziren; argazki, kartel eta irudiak sailkatu zituzten, eta Mitxelenak Kaxkak esandako guztiak grabatzen zituen. Bada, bildutako materiala ikusita, dokumental bat egitea otu zitzaien, eta egitasmo haren hastapenak zein urteetan izan dena jaso dute Bertso astea eta askoz gehiago dokumentalean.
Girizia Elkarteak Mattinen omenaldia antolatu zuen 1981ean, eta 1982an hasi ziren Bertso Astea antolatzen. Kaxka lan talde horretan egon zen.
Guzti horren inguruan sakontzeko, Martiarenarekin egin dute hitzordua, eta Hitzetik Hortzera saioan emango dituzte xehetasunak. Programa larunbatean (hilak 17) emango dute ETB 1en, 21:05ean.

