Bokanak kudeatuko du lonjako jatetxe berria
Pasaiako Portu Agintaritzak arrantza lonjaren eraikin nagusia Bokana izeneko gastronomia proiektuari esleitu dio.
Pasaiako Portu Agintaritzak (PPA) arrantza lonjaren eraikin nagusia Bokana izeneko gastronomia proiektuari esleitu dio. Hautatutako proiektuaren proposamena “tokiko sustraitzeagatik eta portuko jarduerarekin integratzeko proposamenagatik” nabarmentzen dela jakinarazi du PPAk.
Bokana proiektuaren atzean San Pedroko La Lonja jatetxea kudeatzen duten Aitor Formoso, Roman Araujo eta Elena Aldaz daude. “Proposamena hurbileko produktuari buruz eta portuko komunitatearen beharrei buruz duen ezagutzagatik” nabarmentzen dela adierazi du PPAk.
Establezimenduak 600 metro koadro inguruko azalera du, bi mailatan banatuta. Beheko solairuan taberna bat eta menuko jatetxe bat jarriko dituzte, gertuko ekoizleen arrain kontserbetan espezializatutako denda baten ondoan. Bestalde, goiko solairuak “proposamen gastronomiko esklusiboagoa” eskainiko du, eta udal terraza zabal batekin integratuko da, portuari begira.
Sukaldaritza eskaintza lonjan zuzenean erositako produktuetan oinarrituko dela baietsi du PPAk, “baita tokiko tradizioak data seinalatuetan berreskuratzeko konpromisoan ere”.
PPAk Bokana aukeratzeko ondoen baloratu duen puntuetako bat “negozioa portuko bizitzara egokitzea” izan da. Establezimendua goizeko 05:00etan jarriko da martxan, lonjaren barrutik zuzenean sartzeko aukera emanez, langileei eta erabiltzaileei lanaldiko lehen orduetan zerbitzu esklusiboa emateko. Kanpoko jendearentzat 06:00etan irekiko ditu ateak Bokanak.
Aurreikusitako inbertsio ekonomikoaz gain, azpiegitura eta altzarien artean 368.000 eurokoa, “proiektuak balio sozial handia” duela zehaztu du PPAk: “Esleipendunek ahultasun egoeran dauden pertsonak kontratatzeko konpromisoa hartu dute, iraupen luzeko langabeak, 45 urtetik gorakoak edo desgaitasuna duten pertsonak barne”.
Ingurumen arloan, establezimenduak eraginkortasun energetikoko neurriak ezarriko dituela aurreratu du PPAk; hala nola, mugimendu sentsoreen bidezko LED argiztapena, garbiketa produktu biodegradagarrien erabilera eta erabilitako hondakinen eta olioen kudeaketa zorrotza.
Esleipenarekin, PPAk “portua herritarrei irekitzeko estrategia indartu” duela jakinarazi du, “arrantza nortasunari eta tokiko produktuari balioa ematen dien kalitatezko ostalaritza zerbitzua eskainiz”. Azpiegiturako lanak bukatu ondoren, lokala egokitzeko azken jarduerak Bokanak egingo dituela baietsi du Izaskun Goñi PPAko presidenteak. Hortaz, oraindik hilabete batzuk falta dira establezimendua irekitzeko.
