Etxebizitza HAPO berrituan lehentasuna izatea nahi du PSE-EEk
"Akatsa" da sozialistentzat Topoaren kotxera zaharretan 200 alokairu publikoko etxebizitza egiteko proiektua txertatu ez izana hasierako txostenean.
PSE-EEko Palencia erdian, Alberto Muñagorri eta Almudena de la Torre zinegotziekin batera.PSE-EE HAPO berrituan etxebizitza erdigunean jartzea nahi du PSE-EEk . Hala esan du gaur HAPOaren errebisioaren gaineko balorazioa egiteko antolatutako agerraldian. Kexu azaldu da, hasierako txostenak ez duelako Topoaren kotxeretan 200 alokairu publikoko etxebizitza eraikitzeko proiektua txertatu, eta “akatsaz” jo du erabaki hori. Kexu azaldu da ere, 2004koa delako Hiri Antolaketarako Plan Orokorra, eta sozialisten iritzirako zortzi urtean berritu behar zen hura, “duela hamahiru urte berritu behar zen. Atzerapenak ondorio nabariak izan ditu Errenteriarentzat”.
Berandu heldu da HAPOaren errebisio edo eguneratzea sozialistentzat, baino horrez gain, sinistuta azaldu dira urte horietan ez dela hirigintza politikarik garatu udalerrian, “borondate politiko falta horren ondorio da egun udalerriak duen bizitegi larrialdi egoera”.
Etxebizitza politika jarri du erdian, baina ez hori bakarrik, PSE-EErentzat ezinbesteko arloak dira, HAPOan txertatzeko ezinbestekoak, mugikortasuna, aparkalekuak, zerbitzu publikoak, ekipamenduak, industria eta merkataritza jarduerak, edota aisialdi eta zonalde berdeak: “Errtonka, etxebizitza erdian kokatuko duen HAPOa eraikitzea da, baina aldi berean Errenteria era integralean hartzea, etorkizunarekin pentsatuta”.
Gobernu taldeak aurkeztutako dokumentuari ere egin dio erreferentzia alderdi sozialistak, eta bertan aurreikusitako jarduketen artean 2004ko hainbat jasota daudela esan du “eta oraindik ere bete gabe daude. Gamongoa eta Perutxene gisako proiektuek etxebizitza eraikitzeko proposamenaren ia hiru laurdenak hartzen dituzte. Harritzekoa da 2004ko HAPOa kritikatu zutenek hura oinarri hartzea orain”.
Erabat asetzen ez dituen proposamenak jasotzen dituela gobernu taldeak aurkeztu duen txostenak esan dute, bestalde sozialistek, “beste batzuk berriz aurreikusi ez dira egiten eta guretzat ezinbestekoa da txertatzea”. Onespen fasearen hasierak eztabaida zabaltzen duela esan du, bestalde, eta modu aktiboan parte hartuko duela PSE-EEk, “zorrotz eta jarrera eraikitzailez ariko gara plan orokorra hobetzeko eta herritarrentzat benetan erabilgarria izan dadin egiteko”.
