Hilabeteko hirugarren larunbatetan, euskal kantak
Bihar (larunbata) jasoko dute Lezoko kaleek urteko lehen kantu jira. Amonen eta Aitonen Bordak antolatzen badu ere, herritar orori zabalik den jarduera da. Euskal abestiekin herriko txokoak girotzea dute xede.
Bihar (larunbata) izango da urtarrileko kantu jira. Euskal Herriko ohitura da kantuan aritzea. Data berezirik ez da kantu propiorik ez duenik, eta hala ez bada, euskal kantutegi emankor eta aberatseko piezak hartu eta horiek erabiltzen dira lagunartean une atseginak sortu eta horietaz gozatzeko. Ohituren artean kantu jirena txertatu da. Eskualdeko herri guztietan ateratzen dira abeslarien taldeak garai bateko eta hurbileko euskal abestiak kalean kantatzera. Lezon ere hala da. Urteak daramate Amonen eta Aitonen Bordako kideek euren jardueren barrukoa den horri eusten. Baina gauza bat nabarmendu dute: antolatzaileak eurek izanik ere, lezoar orori zabaldutako egitasmoa da kantu jirarena, haurrena, gazteena eta adinekoena. Hau da, herriko jubilatuen elkarteak herritar denei begira antolatzen duen jarduera bakarrenetakoa da, beraz, denen partaidetza beharrezko dela adierazi dute.
Ikasturtetako hilabete guztietako hirugarren larunbatean egiten da Lezoko kantu jira. «Larunbat hau (hilaren 17a) urtarrileko hirugarren larunbata denez, berriz ere kaleak girotzera aterako gara», zehaztu du Joxe Migel Amianok, Amonen eta Aitonen Bordako kidea hura, kantu jiraz arduratzen dena. 12:30ean irtengo dira herriko erretiratuen elkartearen paretik, eta Kaialden eta Kale Nagusian geldialdiak egin ondoren, azken kantak Gurutze Santuaren plazarako utziko dituzte. Abestien kopiak hasi aurretik emango dizkiete agertuko diren denei.
Amianok jakinarazi du abeslariei doinua ematen Xanti Espina izaten dela. Tomas Garbizu Musika Eskolako kideak kantariak laguntzeko hainbat instrumentu erabiltzen dituela azaldu du, eta hark esaten diela tokian-tokian zer piezari eutsi aurrez landutako zerrendaren bitartez. «Giro ona sortzen da gure artean, eta uste dugu herriari ere ekarpena egiten diogula. Baina zoritxarrez, geroz eta jende gutxiago agertzen da kantu jirara. Herriari giroa eman nahi diogu, eta askoren artean bada, hobe», penaz, Amianok.
Asko dira urtean zehar Amonen eta Aitonen Bordak bazkideei eta euren egoitzaren erabiltzaileei eskaintzen dizkien jarduerak. Baina kantu jirarenak esanahi berezia duela adierazi du lezoarrak, euskal kutsua duelako eta kalean egiten delako. «Zaila da gazteak erakartzea. Beti nabarmentzen dugu herriari zabalik den egitasmoa dela kantu jira, baina tira… Jende gutxi agertzen da azkenaldian».
Data bereziak
Hilabeteetako hirugarren larunbatetan atera ohi da euskal kantarien segizioa herriguneko kale esanguratsuenetatik. Baina data berezietan ere egiten dute ekarpena, hala nola Euskararen Egunean, Martxoaren 8aren harira, inauterietan edo herriko festetan. Gainera, urtean behin beste herrietako kantu jiretako kideekin Gipuzkoako topaketa egitera joaten dira, kanpora joaten dira lezoarrak azaro-abendu partean afizio duten hori herrialdeko beste ehunka kiderekin partekatzera. Ez dadila galdu euskaraz kantatzeko ohitura, ezta kantu jira ere
