Bizi Errenteria bonuen %54 deskargatu dute erabiltzaileek
Kanpainaren zazpigarren edizioan 76.216 bonu zeuden eskuragarri, eta horietarik 41.161 deskargatu dituzte. Erabilera jaitsi egin da aurreko urteekin alderatuta.
Gaur eguerdian Bizi Errenteria bonu kanpainaren balorazioa egin dute, eta horretarako Erdiko Kalean elkartu dira Aizpea Otaegi alkatea, Leire Mazizior Garapen Ekonomikoko zinegotzia eta merkatari zein ostalari batzuk.
Bonuen zazpigarren edizioa izan da aurtengoa, eta orotara 76.216 bonu zeuden eskuragarri kanpaina hasieran. Horietatik, baina 41.164 deskargatu dituzte herritarrek, %54, alegia.
175.265 euro erabili dira orotara, eta bonuekin gehienez ere erosketaren erdia finantza zitekeen. Era beran, kanpainarekin 350.000 euro baino gehiagoko gastua sustatu dute herriko establezimenduetan. “Datu inportantea da hori”, dio Otaegik. Hala ere, gastu horren zati handi bat diru publikoaren bidez lagundu dute “tokiko kontsumoa indartzeko helburuarekin”.
Zenbait berrikuntza zazpigarren edizioan
Aurreko edizioetan ez bezala, aurtengoan bonuak deskarga sistema bidez banatu dituzte “segurtasuna eta kontrola hobetzeko” asmoz. Garapen Ekonomikorako Aholku Kontseiluak hartu zuen erabakia, eta denetariko iritziak utzi ditu digitalizazioak, saltokietako langileek askotariko ikuspuntuak plazaratu baitituzte. Orotara 181 establezimenduk hartu dute parte aurtengo edizioan.
Digitalizazioarena, baina, ez da izan aurtengo berrikuntza bakarra, biztanleen artean egin baitute bonuen banaketa. Hartara, 18 eta 35 urte bitarteko gazteei bosna euroko hiru bonu eman dizkiete, eta, 35 urtetik gorako herritarrek bost euroko bi bonu jaso dituzte.
Agerraldian, bestalde, harriduraz kontatu dute 35 urtetik gorakoek gazteek baino gehiago deskargatu eta erabili dituztela bonuak. Gainera, deskargatutako bonuen erabilera ere txikiagoa izan da, eta, ondorioz, datu horrek agerian uzten du “gazteak tokiko kontsumoarekin sentsibilizatzen, kontzientziatzen eta euren erosketa ohituretan eragiten jarraitzeko premia”. Harriduraz eman ditu datu horiek alkateak, aipatu baitu zifrek atentzioa eman diela. “Horrek agerian uzten digu hurrengo kanpainara begira bi ildo landu behar ditugula: arrakala digitala gainditzen jarraitzeko bitartekoak jartzea eta gazteen partaidetza nola sustatu”.
Bonuen erabilerak behera
Maika Martin Errenkoaldeko presidenteak era bide beretik jarraitu du, eta azaldu “sorpresa” eraman dutela ikusi dutelako bonuak beste urteetan baino gutxiago erabili direla.
Paris Mertzeriako Begoña Murua agerraldian izan da, eta saltzaile modura bonuekin izandako esperientzia “oso txarra” izan dela dio atsekabetuta. “Aplikazioak ez zuen ondo funtzionatzen, eta jendeak arazoak izan ditu. Kanpainaren formatua aldatu den unetik jendeak ez du erantzun bera izan”.
Mariscos Alamedako Mertxe Garciak, haatik, ez du bat egin Muruarekin. “Nire ustez zerbaitek interesa pizten dizunean mugitu egiten zara. Udaletxera joan eta pertsona bat izatea bertan espresuki bonuekin laguntzeko baino gauza errazagorik ezin zitekeen egin”.
Azkenik, Valentin Fotobideoak establezimenduaren izenean Irati Aizpuruak hartu du hitza, eta kontatu haren iritziz arazo nagusiak teknologia aldetik eratorritakoak izan direla. “Formula aldatu da aurreko urteetan sortutako arazoei konponbidea emateko, eta hori positiboa bada ere uste dut zerbait egin behar dela aplikazioak beti ondo funtziona dezan”.
Bide beretik jarraituz, udaletik jakinarazi dute aurreikusi zutela zenbait zalantza sor zitezkeela, eta horri aurre egiteko laguntza neurri zehatzak jarri dituzte kanpainak iraun duen bitartean; horren adibide izan dira udaletxean zein Aldakonean jarritako laguntza puntuak. Otaegi: “Egia da espero genuela jaitsiera txiki bat egon zitekeela batez ere arrakala digitalarekin lotuta”.
Kanpaina amaituta, udalak aurreratu du gazteen partaidetza sustatzeko premia ikusarazi dela, “tokiko ehun ekonomikoaren etorkizuna bermatzeko ezinbesteko osagarria” baita erosleen erreleboa. “Beti gaude erronka berriekin, eta kasu honetan ere kanpaina honek erronka berriak jarri dizkigu parean. Hala ere, lanean jarraituko dugu bonuak ahalik eta irisgarrien eta ahalik eta erabilien izan daitezen udalak egiten duen apustu ekonomikoa gero establezimenduetara joan dadin”, amaitu du Otaegik.
