"Punta-puntako maila du Giriziaren txapelketak"
Euskal Herriko Pala Txapelketa Irekiaren berrogeita bigarren edizioa jokatuko da otsailetik aurrera. Izen ematea irekita dago hilaren 31a arte.
Girizia Kultur eta Kirol elkarteak berrogeita bigarrenez antolatu du Euskal Herriko Pala Txapelketa irekia. Otsailaren hasieran hasiko da txapelketa, eta lau hilabeteko iraupena izango du. izen ematea irekita dago hilaren 31a arte.
Zein dira txapelketaren hastapenak?
Madalensoro frontoia 1979an ireki zen, eta hor antolatu ziren lehenengo txapelketak. Lehen bi pilota elkarte zeuden Oiartzunen: Lartaun Pilota Elkartea eta Girizia Pilota Elkartea. Gu eskuzko zein palazko txapelketak antolatzen hasi ginen Iñaki Santesteban delegatua federazioan zegoen garai horretan. Pixkanaka eta urteen poderioz txapelketa indarra hartzen joan zen: bikote gehiago, bikoteak herrikoak soilik izateaz gain kanpokoak ere etortzen ziren, gizonezkoez gain emakumeek parte hartzeko aukera izan zuten… Girizia izan zen lehena emakumezkoen pala txapelketa antolatzen, eta pixkana indartzen joan zen. Hasieran herrikoia, gero bi kategoria, gero hiru kategoria…. Gero eta indar gehiago zuen, eta Gipuzkoatik kanpo bizi ziren bikoteak ere hasi ziren bertaratzen, nafarrak, bizkaitarrak, arabarrak….
Iaz gizonezkoen kasuan 80 bikote izan genituen hiru mailetan banatuta; nesketan, ordea, gutxiago. Emakume gutxiagok jokatzen dute palan, baina izugarrizko indarra ari da hartzen emakumeen pala. Txapelketa gehiago daude, eta dauden bikote horien artean denetara ezin izaten direnez iritsi, gurean 10-12 bikote inguru apuntatzen dira.
Txapelketaren 42. aldia da. Zer suposatzen du horrek antolatzaileontzat?
Lana da, baina gustukoa denez ez da lana izaten. Horrexegatik jarraitzen dugu antolakuntzan, txapelketak bizirik irautea nahi dugulako urte luzez. Giriziak zenbait arlo jorratzen ditu: mendia, zikloturismoa, sokatiran ere sona izan zuen bere garaian, eta pala txapelketa honek izena eman dio Giriziari Euskal Herrian. Esku pilota saila ere bazuen bere garaian, baina Txost eta Oiarpe sortu zirenean eurek hartu zuten indarra, eta bakoitzak bere arloarekin jarraitzen du orain.
Zein erronka ditu tamaina honetako txapelketa bat antolatzeak?
Jende batek hainbat txapelketatan parte hartzen duenez, jendea kudeatzea izaten da zailena, baina ahal dela jende horren gustura antolatzen ditugu partidak. Batzuk hiru txapelketa izaten dituzte aldi berean, eta ezin da pertsona bat hiru lekutan batera egon. Nire anaia Anttonek esten duen modura, a la carta egiten dugu. Horregatik, helburua izaten da ahalik eta giro onenean jende hori antolatzea eta denen gustukoa izatea.
Zein profil izaten dute parte hartzaileek?
Punta-puntako maila du Giriziaren txapelketak; lehiaketa garrantzitsua da Euskal Herri mailan. Hiru mailatan sailkatzen ditugu parte hartzaileak: lehenengo mailan onenek jokatzen dute –16-18 bikote inguru izaten dira–; bigarren mailan beste 25-30 izaten dira, erdi mailakoak dira horiek, oso onak dira baina goi mailara heldu ez direnak edota euren burua bigarren mailan erosoago ikusten dutenak dira. Azkenik, hirugarren maila dago. Bere garaian beteranoen maila deitzen genion horri, baina hasi berriak, helduak.. denetarik aritzen dira maila apalagoan, baina oso maila inportantea da.
Zein garrantzia dauka horrelako txapelketak antolatzeak palaren biziraupenerako?
Bere garaian Gipuzkoako eta Euskadiko federazioek ez zuten gomazko paleta modalitatea bere gain hartzen, ez zen onartua txapelketa ofizial bezala. Gaur egun esan dezakegu Gipuzkoakoak paleta goma bere gain hartzeaz gain, txapelketa garrantzitsuenetako bat bezala hartzen duela.
Oiartzungo pala txapelketan emakumeak parte hartzen hasi zirenean Nafarroatik ere etorri ziren. Boom moduko bat izan zen, eta konturatu gara orduan eta aukera gehiago eman, orduan eta parte hartzaile gehiago izaten dela. Gomazko pala oso indartsu dagoela esan daiteke orain.
Herriak nola erantzuten du lehiaketaren aurrean?
Ongi; beti izaten dira bikote oiartzuarrak, baita irabazleen artean ere. Hemen ere ohitura eta maila handia dago.
Hortaz, pala indartsu dago?
Bai, noski, eta gomazko pala hau are gehiago. Oiartzunen, Altzan, Pasaian, Oreretan…. jokatzen hasi ginen. Orain, baina, antolakuntzan ari gara.
Zein harreman duzu palarekin?
Azken berrogei urte hauetan pala munduan nago sartuta, baita federazioko antolakuntzan ere. Hasieran pala jokalaria nintzen, eta partida mordoa jokatu eta irabazi nituen zorionez [barrez]. Hortik tiraka, goi mailan jokatzeari utzi nionean antolakuntzari ekin nion. Giriziako bazkide naiz, eta antolakuntzan jarraitzen dut. Urtero esaten dugu azken urtea izango dela txapelketa hau antolatzen duguna, lau hilabetez astebururo bertan egotea suposatzen digulako.
Herrian badago harrobirik?
Bai, eskuz dagoen bezala palan ere ikusten da jende pila batek jokatzen duela. Hala ere, arazo gehiago izaten dira antolakuntzan denbora kentzen baitu, eta hori kostu humanoa da. Zailtasunak izaten ditugu, baina zailtasun hori irauli eta txapelketa antolatzen jarraitu behar dugu.
Partidak noiz jokatzen dira?
Larunbat goizetan edo igande goizetan izaten dira, eta aukera dagoenean larunbat arratsaldeetan ere bai. Madalensoro oso okupatuta egoten da, eta zaila izaten da batzuetan. Frontoiaren erabilera, zorionez, oso ona da, eta hiru elkarteon artean antolatu eta banatzen gara. Ondo moldatzen gara, eta ez da arazorik egoten. Txapelketa amaiera aldean 200 partidatik gora jokatzen ditugu, eta gure helburua uda hasi aurretik amaitzea izaten da, gero beste lehiaketa batzuk egoten baitira.
Zein baldintza bete behar dira izena emateko?
Gure txapelketa irekia da, eta ez da beharrezkoa hemezortzi urte izatea. Jokatu nahi duenari ematen zaio aukera, eta kategoriatan banatzen dira parte hartzaileak. Izena eman nahi duenak 656 71 12 75 zenbakira deitu edo mezu elektroniko bat idatzi behar du helbide honetara.
