'Piztu sua' txotxongilo emanaldia gehitu diote Ihoteetako egitarauari
Otsailaren 4an egingo dute emanaldia, birritan. Lehen saioko gonbidapenak agortuta daude, baina bigarren hitzordurako bada lekurik oraindik.
Hasi da atzera kontua Oiartzunen. Ihoteak hastear dira, eta herrian zoramena eta bihurrikeria nagusituko dira datozen egunetan. Aurtengo egitaraua aurreko urteetakoa bezala izango da, baina berrikuntza bat dago: txotxongiloen emanaldia.
Piztu sua du izena ikuskizun “dibertigarri eta interaktiboak”, eta datorren otsailaren 4an egingo dute Landetxen. Egitasmoa arrakastatsua izan dela bistakoa da, lehen paseko gonbidapen guztiak agortu eta bigarren bat iragarri baitute egun bererako. Gauzak horrela, 17:30ean eta 19:30ean izango da emanaldia ikusteko aukera, eta bigarren hitzordurako sarrerak hemen eskura daitezke.
Ihote taldeak antolatu du ikuskizuna, eta Ibai Zarketa, Xuban Martiarena, Esti Fernandez, Maialen Elorza, Izaro Zapirain, Ane Arbelaitz eta Ian Estebaranz dira egileak.
Ibai eta Xabik ez dute etxeko bizitza aspergarria jasaten. Hortaz, intxixu eta basandreekin bizitzera joatea erabaki dute. Bidai horretan, baina, zenbait emozio bizi eta hainbat komeria izango dituzte. Horixe da, hain zuzen, ikuskizunaren sinopsia.
Aste honetako HITZAren astekarian [hilaren 30ean argitaratuko da] Ihoteen inguruko informazio zabalgoa izango da.
