Yakovlev 42 taldearen aurkako salaketa artxibatu dute
Talde oiartzuarreko sei kide salatu zituzten 2024an gorroto delituengatik. Epaileak, baina, jakinarazi du ez dagoela gorroto deliturik euren letretan.
Yakovlev 42 taldeari babesa adierazteko agerraldia. 2024ko otsailean Oiartzungo Yakovlev 42 taldeko lau kideri eta bi kide ohiri epailearen aurrean deklaratzeko zitazio agiri bat bidali zieten ustez “gure ikuspegi ideologiko bera partekatzen ez duen ororen aurkako gorroto diskurtsoa elikatzen ari ginelako”. Horrelaxe azaldu du musika taldeak berak sare sozialen bidez argitaratu berri duen komunikatu batean. Salaketa Gipuzkoako Guardia zibilak jarri zuen, eta zioten taldearen abestietan gorroto delitua dagoela eta letrak “guztiz iraingarri eta intoleranteak” direla.
Talde oiartzuarrak, baina, honela erantzun du sareetan: “Gorroto delituak pertsona edo kolektibo zaurgarrien duintasuna, berdintasuna eta segurtasuna babesten ditu, aurreiritzi arrazistak, ideologikoak, erlijiosoak, sexu orientazioarekin, genero identitatearekin, gaixotasunarekin edo desgaitasunarekin lotutako erasoen aurrean. Bere helburua oinarrizko eskubideak eta bizikidetza baketsua babestea da, gorrotoa eta diskriminazioa piztea zigortuz”.
Taldekideek maiatzaren 6an deklaratu zuten Donostiako Instrukzio auzitegian, eta Berria egunkariak aipatu duenez egun horretan fiskaltzak hitz horiek Internetetik ezabatzea eskatu zuen kautelazko neurri gisa.
Salaketa geldirik egon da denbora batez, eta musikariek jakinarazi dute duela bi aste abisatu zietela auzia artxibatuta geratu zuela. “Eskerrik asko bi urte hauetan gure alboan egon zareten guztioi. Zuen babesa ezinbestekoa izan da une oro, eta indar handia eman diguzue gehien gustatzen zaiguna egiten jarraitzeko: musika antifaxista”, amaitu dute.
