Arraguako pala txapelketa mistoa izango da
Otsailean hasiko dira partidekin, eta aurtengo edizioan parte hartzeko bi baldintza bete behar dira: 16 urte izatea eta bikote mistoa izatea.
Juaristi eta Mujika izan ziren iazko pala txapelketako irabazleak. Arraguako jai batzordeak sare sozialen bidez jakinarazi du otsailaren 8a izango dela aurtengo pala txapelketan izena emateko azken eguna. Alabaina, zenbait berritasun ditu lehiaketak, izan ere, aurtengoan bikote mistoek baino ezingo dute parte hartu, eta jokalariek hamasei urte baino gehiago izan behar dituzte nahitaez.
Otsailean hasiko dira partidekin, eta astero partidu bana jokatuko du bikote bakoitzak. Partidaren eguna aurkariarekin adostu beharko dute, eta antolatzeko sortuko duten WhatsApp taldera bidali beharko da emaitza igande gaua baino lehen. Hala ere, aste bateko partida bi bikoteek ezin badute jokatu eta data berri bat adosten badute, partida atzeratzeko aukera egongo da.
Era berean, jakinarazi dute finala maiatzaren 22an izango dela, 18:30ean, txupinazoa bota ondoren. Esteka honetan eman behar da izena.
Pala txapelketa mistoko arauak
- Partidak 30 tantora izango dira.
- Bikote bakoitzak bi atseden eskatzeko aukera izango du tantoa eginez gero.
- Atsedenak gehienez ere bost minutukoak izango dira.
- Partida guztiak teniseko pilotekin jokatu beharko dira.
- Sakeak 3tik 3ra izango dira, eta ezingo da 7a pasa.
- Bi sake egongo dira.
- Pilotak lehenbizi frontisa eta gero sabaia jotzen badu ona izango da.
- Lehenengo sabaia jotzen badu pilotak eta gero pareta, txarra izango da.
- Pilota zabalera doanean eta bigarren botea eman aurretik poste bat edo eskailera jotzen badu, eramateko aukera egongo da pilotak lurra ukitu baino lehen. Aldiz, lehen botea barruan eman eta bigarrena eskaileraren gainean ematen badu, ezingo da jarraitu.
- Pilotak frontisaren goiko aldea jo eta gorantz ateratzen bada, txarra izango da.
