Egon, entzun eta bizitakoa partekatzeko prest diren pertsonen bila ari da Baketik
Familiak eskuz esku programa aurkeztuko du Baketik erakundeak datorren ostegunean. Familientzako boluntariotza programa da, haur txikien hazkuntzan esperientzia duten pertsonak eta babesa, entzuteko eta gertuko akonpainamendua behar duten familiak lotzen ditu.
Ostegunean iznago da bilera. Norbanakoaren esperientzia, beste familia batzuentzat lagungarri izan daiteke. Hortik abiatuta, Familiak eskuz esku programa martxan jarri du Baketik erakundeak. Haur txikien hazkuntzan esperientzia duten pertsonak eta babesa, entzutea eta gertuko akonpainamendua behar duten familiak lotzea du helburu, familientzako boluntariotza programa bidez. Udalarekin elkarlanean ari da Baketik.
Hori horrela, boluntario izan nahi duten pertsonen bila ari dira. Antolatzaileek azaldu dutenez seme-alabak hazi dituzten pertsonen bila ari dira, denbora eta esperientzia eta hasten ari den familia bati laguntza eman nahi izatea baino ez dira behar. Argi esan dute, boluntario izateak ez duela esan nahi erantzun guztiak izan behar direnik, “egotea, entzutea eta bizitakoa partekatzeko prest izatea behar da, hazkuntzaren eguneroko erronketan laguntza praktikoa eta gizatiarra eskainiz”.
Programak bere aldetik, etengabeko prestakuntza eta laguntza profesionala eskaintzen ditu, baita eragin erreala eta positiboa familien bizitzan ere. Gainera, boluntariotza esperientzia hurbila, aberasgarria eta zentzuduna”.
Programaren gainekoak xehe azaltzeko aurkezpen hitzaldia antolatu du Baketik eta Familiak eskuz esku: Home-Start Gipuzkoak. Otsailaren 5ean izango da, osteguna, 18:00etan Merkatuzarreko balioanitz gelan—sarrera, Pablo Iglesias 3 kaletik, bulegoetatik—. Programaren nondik norakoan, familientzako laguntza nolakoa den eta laguntza komunitarioko sare horren parte izateak zer esan nahi duen partekatzeko gune hurbila izan da.
Programari edo boluntario gisa parte hartzeko informazio gehiago nahi dutenek, Baketik web orrian kontsulta dezakete (klikatu hemen), posta elektronikoaren bidez mezua bidali edota 943 25 10 05 telefono zenbakira dei dezakete. Herritar guztiak deitu dituzte parte hartzera, eta programa lehen eskutik ezagutzera: “zure esperientziak hasiera bat alda dezake”.
