Ekipamendu berrituak, haur, gazte eta familien aisialdirako
Familia Guneak eta Erdiguneko Ludotekak ekipamendu berrituak izango dituzte Olibeten; gazteek berriz, Gazteleku berria Ondartxon.
aizpea OAtegi alkatea, Naroa Zabala Gazteria zinegotzia eta Itsaso Cruz Hezkuntza zinegotziarekin batera. Haur, nerabe, gazte eta familiei eskainitako ekipamendu sarea indartu nahi du udalak, eta horretarako, hiru udal ekipamendu berrituko ditu. Hiru izango dira denera berrituko dituen ekipamenduak: Familia Gunea eta Erdiguneko Ludoteka Olibetera eramango ditu Merkatuzar eta Oarso eraikinetik lekualdatuta; eta Gazteleku berria egokituko du Ondartxon gazteei begira. Ondartxoko hori, Errenteria-Oreretako hirugarren Gaztelekua izango da; une honetan, Beraunen eta Gabierrotan dira Gaztelekuak.
Xehetasun guztiak gaur goizean egindako agerraldian eman dituzte Aizpea Otaegi alkateak, Itsaso Cruz Hezkuntza zinegotziak eta Naroa Zabala, Gazteria zinegotziak.
Publiko horiei eskainitako ekipamendu eta zerbitzuak indartzea dagoela jarduketaren atzean azaldu du udal agintariak, “datozen bi ikasturteetan gertatuko da hori, dagoeneko proiektuak idatzita daudelako eta lanak aurten gauzatuko dira”.
Familia Guneak eta Erdialdeko Ludotekak garai batean KZ Gunea eta Oarsoaldea Garapen Agentziaren Bulegoak zeuden tokia hartuko dute, Olibeteko haur parkearen parean. Bi zerbitzuak eskainiko dituen Olibeteko espazio berrituaren helburua 0-12 urte arteko haurrentzako eta haien familientzako erreferentziazko gunea sortzea izango dela azaldu dute hiru udal ordezkariek, ” jolasa, sozializazio eta garapen pertsonal eta afektiboa espazio seguru eta hezatzailean landu ahalko dute haurrek”.
Bi udal baliabideek espazio bakar baina berezituan eskainiz zerbitzuak “hurbilagoak eta eraginkorragoak” izatea lortu nahi duela udalak gaineratu du Otaegik, “familien arteko harremanak eta sareak sortuz eta hortaz, komunitatea indartuz”.
Espazio berrituaren ezaugarriei ere erreparatu die alkateak. Olibetekoak, 360 metro kuadroko azalera izango du eta bi zerbitzuen arteko espazio banaketa orekatua izango da; zerbitzu bakoitzaren gela nagusiak 150 metro koadro erabilgarri izango ditu. Inbertsioari dagokionean 500.000 euro bideratuko du udalak eta aurten egingo dituzte lanak.
Gazteleku berria, Ondartxoko hiltegian egingo du udalak. “Hibaikak instalazio berrituak izateaz gainera, Gaztelekua izango da bertan eta auzotarrentzat ere espazioak izango dira, modu horretara ekipamenduaren izaera komunitarioa indartsua izatea nahi da”, azaldu du Otaegik. Lanak lizitaziora aterako ditu udalak laburrean, eta aurreikusi du maiatza-ekaina inguruan esleitzea, “obrek urtebeteko iraupena izango dute, beraz Gazteleku hori txertatuko litzateke sarera 2027-2028 ikasturtean”.Gaztelekuak ere 150 metro kuadroko espazioa hartuko du Mataderoan, eta alkateak nabarmen jarri duenaren arabera, nerabeekin egindako hainbat prozesu parte hartzaileetan jasotako eskaerari erantzuten dio.
Hiltegia osotasunean eraberritzeko lanak maiatzean hastea aurreikusten du udalak, eta urtebeteko iraupena, eta 1,5 milioi eurotako aurrekontua izango dute
Lehenago helduko dira Ludoteka eta Familia Gunea, 2027 hasieran. Horien kokapenaren gainean gaineratu du “ezin egokiagoa” dela, “kanpo espazio bat badagoelako barrukoaren osagarri. Leku aldaketa Oarso eraikina husteko prozesuarekin jarraituz, Fini Rubio adinekoentzako apartamentuak eraikitzeko, “poliki husten ari gara”.
Gaur egun sei udal ludoteka daude Errenteria-Oreretan: Agustinak, Beraun, Erdigunea, Gabierrota, Kaputxinoak eta Markola auzoetan. Aurten 231 haurrek dute izena emana. Erdiguneko ludotekari dagokionez 60 haurrek erabiltzen dute.
Familia Gunean, berriz 0-6 urte arteko haurrak dituzten 112 familia ari dira aurten. Gaztelekuetan 13-17 urte arteko 152 gazte daude izena emanda aurten. Une honetan bi dira, Gabierrotan eta Beraunen; Ondartxon zabalduko dutena, Errenteria-Oreretako hirugarrena izango da.
Esku hartze horiekin haur, nerabe, gazte eta familiei begirako ekipamendu sarea berritu eta indartzearekin batera, 2023-2027 agintaldi planarekin hartutako konpromisoak betetzen jarraitzen dutela gaineratu du bukatzeko alkateak.
